euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEBetako euskaldunen harrera ona aita Antton Egigurenek Kaliforniatik egin duen euskarazko online mezen eskaintzari

2020/04/17

Aita Antton Egiguren joan den igandean, bere lehenengo euskara/ingeles online meza ematen Kaliforniako Merced-etik
Aita Antton Egiguren joan den igandean, bere lehenengo euskara/ingeles online meza ematen Kaliforniako Merced-etik

PUBLIZITATEA

Merced, AEB. "Nire proposamena igandetako meza euskaraz eta inglesez ematea da, online zuzenean, igandero goizeko 9etan, hemengo ordutegian", esan digu Kaliforniako Merced-etik aita Antton Egiguren bidaniarrak, 2014tik Estatu Batuetan bertako euskaldunen omonier edo kapelau bizi den apaiz frantziskotarrak. Aita Anttonen helburua, hasiera batean Idahoko Boisen eta duela hilabete batzuk Kaliforniako Merced-etik, bertako euskaldunen beharretara moldatzea da, eta indarrean dagoen konfinamendua baliatu du joan den igandean euskal meza online ematen hasteko eta, behin bidea ikasita, ildo honi eusteko asmoa dauka.

Izan ere, joan den igandean Merced-eko St Patrick's Parish and Our Lady of Mercy parrokiako Facebook kontutik euskaraz eta ingelesez eman zuen mezak arrakasta eta oihartzun ederra lortu zuen Kaliforniako eta Estatu Batuetako euskaldunen artean eta Chinotik New Yorkerainoko euskal etxeek zabaldu zuten bere proposamena. Horrek jarraitzera animatu du, lortutako feedback-ak eta atxikimendu mezu-kopuru itzelak animatuta. Ikus hemen joan den igandeko mezaren bideoa (ondoren datorrenekoa).

Egungo egoera berezia amaitzen denean ere, online ekimen hauekin segitzeko asmoa agertu du apaiz gipuzkoarrak, euskal komunitatea oro har eta etxean bakarrik eta adin batekin daudenak bereziki gogoan hartuta. Merced barne Kaliforniako nekazaritza eremu batean dago kokatuta, mexikar asko dauden eremu batean, eta bizi den parrokian bera da gaztelania ongi menperatzen duen apaiz bakarra, eta alde horretatik ere premiazko eskabideak izan ditu bertara iritsi zenetik. Ez da ahaztu behar 10 hizkuntza mintzo dituela bidaniarrak, euskara eta ingelesarekin batera gaztelania, frantsesa, koreera, italiera, tailandiera, portugesa, holandera...

Hurrengo meza, datorren igandean emango du aita Anttonek, bertan goizeko 9:00ak direnean, Euskal Herriko 18:00ak, Parrokiako Facebookez. Online emanaldietan, egungo itxialdi egoeran, ez dauka lagunik irakurgaiak euskaraz irakurtzeko. "Christine Barbot, Turlock-en bizi dena, baina oraingo kalamidade hau dela-eta ezin du etxetik irten". Dena den, "online hau oso medio ona" dela aitortzen du, hemengo euskaldun askok bat egiteko aukera izan baitu. "Boise, Gooding, idahokoek, Montanako jendeek, Colorado, Nevada eta Kalifornia osokoek, San Frantzisko, Chinokoek..". bat egin dute. "Ni ez naiz profesionala eta gustatuko litzaidake medio hobeak izatea, baina tira, 'idi hauekin landu beharko dugu lurra'", esanez amai du bere solasa EuskalKultura-eus-ekin.

-09:00am with Fr. Antton in Basque/English
-10:30am with Fr. Antton in Spanish
-12:00pm with Fr. John in English

-Ekimen honen sostenguan Boisen egoitza duen Estatu Batuetako Artzai Ona Diasporako euskal elkarte katolikoa dago
-Datorren igandeko mezako irakurgai eta kantuak



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia