euskal diaspora eta kultura
2009/01/30
PUBLIZITATEA
Salt Lake City, AEB. Urtarrilaren 16tik 18ra bitartean elkartu ziren aurten Estatu Batuetako euskal etxeetako euskara irakasleak, Salt Lake City hirian. Helburua, urtero legez, irakasleei iritziak eta esperienziak trukatzeko parada eman eta urtean zehar beren lanerako lagungarri gertatuko zaizkien hainbat gai jorratzea. Horrez gain, bileran NABO eta HABEko arduradunak izan ziren, 'Euskara AEBetan' egitasmoaren hurrengo urratsak adosteko eta aurtengo lankidetza hitzarmena sinatzeko. NABOren aldetik Mary Gaztambide lehendakaria, Martin Goicoechea euskara arduraduna eta Izaskun Kortazar euskara sustatzailea izan ziren bileran. HABEri dagokionez J. F. Zinkunegi HABEko teknikari eta Euskara Munduan programaren koordinatzaileak parte hartu zuen bilkuran.
Iraskasleak Idaho, Colorado, Wyoming, Nevada, Kalifornia eta Utah estatuetatik heldu ziren eta ostiralean elkar ezagutzeko afari bat egin ostean larunbat goiz eta arratsaldez eta igande goizez araitu ziren lanean. 'Irakasleen artean tipologia oso desberdinetakoak zeuden', azaldu dio EuskalKultura.com-i J.F. Zinkunegik. 'Euskal Herritik AEBetara bolada batetarako etorritakoak, batzuk, bertan jaioak eta euskara ikasi dutenak, beste batzuk, eta baita orain urte mordoa etorri eta aspalditik hemen bizi direnak ere'.
Hurrengo urratsak
Izaskun Kortazarrek eta J.F. Zinkunegik gidatu zuten jarduna. Bertan gai ugari jorratu zituzten, besteak beste 'Euskara Munduan' egitasmoaren nondik norakoak, irakasleen prestakuntza, AEBetan euskara ikasteko materialak, klaseetan erabiltzeko ariketa praktikoak eta hainbat irizpide pedagogiko.
Topaketan Mary Gaztambidek, Martin Goicoecheak, Izaskun Kortazarrek eta J.F. Zinkunegik 'Euskara AEBetan' egitasmoaren hurrengo urratsak adostu zituzten. Asmoa garatu ondoren, hurrengo NABOren topaketan aurkeztuko diete estatubatuar federazioko delegatu guztiei. Horrez gain, HABEk eta NABOk urtero sinatzen duten hitzarmena berritu zuten.
Lotura interesgarriak
HABE Institutua
www.habe.org
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus