euskal diaspora eta kultura
2012/09/24
PUBLIZITATEA
Boise, AEB. AEBetako euskal etxeetako euskara irakasleak Boisera bildu ziren iragan irailaren 15 eta 16ean, lantegi berezia egiten. NABOko Izaskun Kortazerrek EuskalKultura.com-i agertu dionez, bertan izan ziren William Thomspson Uberuaga (Boise), Gloria Lejardi (Homedale, Idaho), Ander Caballero (Boston), Aitor Inarra (San Frantzisko) eta Unai Nafarrate (Bakersfield). Izaskunek berak Euskara koordinatzaile eta Boiseko irakasle bezala parte hartu zuen.
Bezperan, Idaho kanpotik lehenengoz etorri ziren irakasleek -- Ander Caballero, Unai Nafarrate eta Aitor Inarra-- Boiseko euskal elkarteak ezagutzeko baliatu zuten eguna. "Aho bete hortz geratu ziren Boiseko Basque Block edo euskal kalearekin, bertako dendak, frontoia, kalea bera eta batez ere Euskal Museoarekin", azaldu du Kortazarrek.
[Ezkerretik eskubira, Unai Nafarrate, Aitor Inarra eta Ander Caballero euskara irakasleak Boiseko Euskal Etxearen aurrean (argazkia NABO)]
Arau berriak
Ikastaroa larunbatean goizeko 9:30etan hasi eta arratseko 5:30etan amaitu zen eta lehenengo egunean NABOk ezarri dituen lan egiteko arau berriak azaldu zitzaizkien irakasleei. "Irakasleek ikasle zerrenda eta syllabus-a seihilabetero bidali behar dute; eta, ondoren, seihilabetea amaitzean, balioespen idatzia eta ikasleen azterketen emaitzak ere. Irakasle guztiek gramatika, hiztegi eta funtzio berdinak irakatsiko dituzte eta curriculum bera jarraituko dute, baina material bat baino gehiago erabili ahal dute", esan du Kortazarrek.
Lantegian Boga metodoa erabiltzeko jakin beharrekoak pausoz-pauso azaldu zitzaizkien irakasle berriei eta ondoren Euskara Munduan egitasmoko material berria banatu zen. "Binaka, irakasleek klase oso bat prestatu zuten materialean oinarrituz eta materialarekin eroso egoteko irakasleak erabili ahal dituen teknikak azaldu genituen", esan du Izaskunek. Horrez gain, irakasle bakoitzari USB bat eman zitzaion Euskara Munduan materialarekin, 2007tik hona Kortazarrek sortutako euskara klase guztiekin, kanten letrekin eta ikasleentzako aditz taulekin.
Udako barnetegia Kalifornian
Ikastaroaren lehenengo eguna amaituta, partehartzaileak Boiseko euskal etxeko bazkideen afarira joan ziren eta Boiseko euskaldunekin eman zuten gaua, kantuan eta giro ederrean.
Igandean batzarra egin zuten irakasleek eta ikastaroen egoerari buruz hausnarketa egiteaz gain, zalantzak agertu eta argitu zituzten, besteak beste. Amaitzeko, datozen hilabeteei begira hainbat proiektu hasi ziren prestatzen, adibidez, udako barnetegia (Santa Barbaran, Kalifornian, ziurrenik), eta Euskal Herrian egingo den euskara barnetegia.
-Informazio gehiago, NABO Euskaraz webgunean
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus