euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEBetako euskal etxeak euskara barnetegiak antolatzen ari dira uztailerako NYen eta EHan

2012/03/20

NABOko euskara irakasleek ikasbilera egin zuten San Frantziskon otsailean (argazkia NABO)
NABOko euskara irakasleek ikasbilera egin zuten San Frantziskon otsailean (argazkia NABO)

PUBLIZITATEA

NABO Ipar Amerikako Euskal Etxeen federazioak euskara barnetegiak antolatu ditu aurtengo uztailerako, urtean zehar euskal elkarteetan ikasten ari diren pertsonek ikastaro trinkoagoak egiteko aukera izan dezaten. Barnetegietako bat Euskal Herrian egingo da, Arantzazuko barnetegian, uztailaren 1etik 15era. Bigarrena New Yorken izango da, astebetekoa, ziurrenik bigarren edo laugarren astean. Arantzazuko barnetegian izena emateko epea apirilaren 15ean bukatuko da; New Yorkekoa, ostera, 8-9 laguneko taldea osatzea lortzen bada bakarrik egin ahal izango da.

Boise, AEB. Euskararen aldeko apustua sendoagotu egin du aurten NABOk (Ipar Amerikako euskal elkarteen federazioak) eta euskal etxeetan ematen diren eskolen osagarri gisa, bi barnetegi ari da antolatzen uztailerako. Izaskun Kortazar NABOko Euskara koordinatzaileak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, helburua erraztasunak eskaintzea eta formakuntzan urrats berriak ematea da. Barnetegiak Arantzazun eta New Yorken egiteko deitu dira. 

Arantzazuko barnetegia Ulibarri Euskaltegiak emango du, uztailaren 1tik 15era. Euskara ikastaroak hartu dituzten ikasleei edo oinarrizko euskara hitz egin dezaketen ikasleei zuzendua da ikastaro trinko hau. Hamabost eguneko iraupena izango du eta guztira 120 eskola-ordu emango dira. Ikastaroaren prezioa 580 dolarrekoa izango da (lezioak, janaria eta ostatua barne). Euskal Herrirainoko hegaldia ikaslearen kontura izango da. Parte hartu nahi duenak apirilaren 15a baino lehenago eman behar du izena, e-maila bidaliz Izaskun Kortazarri (izaskunkortazar@gmail.com).

Barnetegiari buruzko informazio gehiago, Ulibarri Euskaltegiarekin harremanetan jarriz [+(34) 944 162 472 edo bulegoa@ulibarri.org helbidera e-maila bidali].

Barnetegia New Yorken

Aurten, Euskal Herriko barnetegiaz gain, beste proposamen bat dakar NABOk: astebeteko ikastaro trinkoa New Yorken. Aukera honen bitartez, Euskal Herrira bidaia egin ezin duten ikasleek ere astebetez euskaran buru-belarri murgiltzeko aukera izango dute. Barnetegia antolatzeko saioa egiten ari da NABO eta, 8-9 ikasle bilduz gero, aurrera egingo du egitasmoak.

Ikastaro honetako eskolak New Yorkeko Eusko Etxean emango dira eta elkarte honetako irakasleak, Aitzol Azurza eta Imanol Botxo, izango dira arduradunak. Data zehatza finkatzear dago oraindik, baina bi aukera daude: uztailaren 7tik 13ra edo uztailaren 21etik 27ra. Mailari dagokionez, mintza praktikari garrantzia nabarmena emango zaio eta, hortaz, gutxieneko maila izan beharko dute ikasleek.

Ikastaroaren iraupena zazpi egunekoa izango da, larunbatetik ostiralera, guztira 56 eskola-ordu, goizeko bederatzietatik arratsaldeko bosterara. Barnetegiaren prezioa 1.080 dolarrekoa izango da gutxigorabehera. Berez, ikastaroaren prezioa 170 dolarrekoa da; beste 700 dolar ostatua ordaintzeko erabiliko dira eta 210 dolar otorduetarako.

Izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko, bidali e-maila Aitzol Azurzari (aitzol@aol.com).

-NABOren Euskara ikastaroei buruzko informazio gehigo, hemen



Komentarioak

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia