euskal diaspora eta kultura
2009/06/03
PUBLIZITATEA
Fort Lauderdale, AEB. SixthStar luxuzko itsas-bidaietarako ikuskizunak eta jarduerak eskaintzen dituen Floridako enpresa bat da. Eskaintzen dituzten postuen artean 'Short-Term Enrichment Staff' delakoa dago: beste bidaiarientzako hainbat jarduera antolatuz beherapenak lortzen dituzten bidaiariak. Aurtengo datozen itsas-bidaietan mus jokoa ezagutzera eman nahi dute eta hori dela eta enpresa AEBetako hainbat euskal etxekin harremanetan jarri da, muslari bila. Hala ere, eskaintza mundu osoko muslarientzako irekia da. Izan ere, itsas-bidaiak Bartzelonatik aterako dira.
'Bartzelonatik irteten denez bidaiari askok gazteleraz egingo dutela uste dugu, baina hala ere irakasleek gutxieneko ingelesez maila eduki behar dutela pentsatzen dugu, gainerako herrialdeetako bidaiariekin komunikatu ahal izateko', azaldu dio Paul DiFilippik gure buletinari. 'Irakasleak beste edozein bidaiari bezala izango dira, soilik bidaiaren hasieran hasiberrientzako klaseren bat eman beharko dutela, gero partida batzuk antolatu eta aurrerago maila gehiago lortu dutenentzako klase aurreraturen bat'. Muslari porrokatu batentzat betebehar baino, denborapasa ederra izan daitezkeen jarduerak.
Bartzelona, Erroma, Cannes, Venezia...
DiFilippik azaltzen duenez irakasleek bi itsas-bidaiatan parte hartzeko aukera izango dute: 7 gaueko bidaia Mediterraneoan zehar (Bartzelona, Napoles, Erroma, Livorno eta Niza bisitatuz, besteak beste) eta 12 gaueko bidaia Bartzelona, Cannes, Livorno, Erroma, Napoles, Venezia, Dubrovnik eta Corfú bisitatuz. Zazpi eguneko bidaiaren prezio normala 2.000 eurotakoa da, baina irakasleak (eta bere bidaiakideak) 300 soilik ordaindu beharko ditu. Hori bai, euren kabuz heldu beharko dute Bartzelonara, baina DiFilippik azaltzen duenez, programan partehartzeko aukeratuak izan ondoren itsas-bidaietako langileentzako beherapen bereziak izango dituzte hegazkin txarteletan.
Programa honetan parte hartu nahi duenak eskabidea internet bidez egin dezake, inprimaki hau betez SixthStar enpresaren webgunean. Enpresa hautagaiarekin harremanetan jarriko da datuak baieztatzeko eta froga batzuk egiteko (hizkuntzak, jendearekin traturako erraztasuna...). Aukeratua izanez gero irakasleari zein itsas-bidaietan parte hartu dezakeen esango diote. 'Dagoeneko mus irakasle bat dugu ontzi batean, espainiar muslari bat', azaltzen du DiFilippik. 'Eta postu dexente ditugu oraindik betetzeko uztailetik aurrera eta urtea bukaera arte'.
Informazio gehiago enpresaren webgunean: www.sixthstar.com.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus