euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEB Hauteskundeak: Katherine Bidegaray juje euskaraduna hautatu dute Montanan estatuko Gorte Goreneko kide

2024/11/06

Hauteskunde gaua, 2024ko azaroaren 5ekoa, Katherine Bidegaray Montanako epaile euskalduna (erdian gorriz) familia eta lagunekin
Hauteskunde gaua, 2024ko azaroaren 5ekoa, Katherine Bidegaray Montanako epaile euskalduna (erdian gorriz) familia eta lagunekin

PUBLIZITATEA

Helena, Montana, AEB. Trump eta aukera errepublikanoak nagusitu diren hauteskunde hauetan, Montana estatuan, hauteskunde orokorrekin batera egiten ziren maila lokaleko gainerako bozken artean, Estatuko Gorte Goreneko epaile bat ere hautatzen zuten, besteak beste, eta lehian ziren bi hautagaietan, baten deitura bereziki ezaguna egiten zaigu euskaldunoi, Katherine Bidegaray. Izan ere, euskalduna da Katherine, Kathy lagunentzat, Montanan sortua eta bertan euskara lehenengo lengoaia izan zuena Sidney inguruan. Heriotz zigorraren aurkakoa, eta pertsonaren eta emakumeen eskubideetan sinestun osoa, bakarretakoa izan da bere inguruan uholde nagusiari aurre egin diona. "Konstituzioa eta jendearen dretxuak" izango dituela ipar eta gidari diosku.

Katherine Bidegaray-k 281.473 boto atera ditu (%53) eta bere aurkari kontserbadore Dan Wilsonek 243.831 (%46). Senatari eta kongresukideak, gobernadorea, fiskal nagusia, estatu-idazkaria-eta, errepublikanoak hautatu dituzte

Aldi berean, kargu nagusi ia guztiak errepublikanoak hautatu arren, montanatarrek oniritzia eman diote abortoari eta aurrerantzean Estatuko Konstituzioak eskubide gisa onartuko du (%57 alde, %42 kontra)

Testuingurua aurkeztearren, Montanan ere Trump gailendu da (%59), Kamala Harrisen gainetik (%38) eta AEBko Senatu eta Kongresurako hautetsiak, gobernadorea, fiskal nagusia, estatu-idazkaria eta beste hamaika kargu nagusi, guztiak izan dira errepublikanoak, estatuko ganberetan demokrata batzuk atera badira ere. Herritarren bi erabaki orokor gailendu dira salbuespen, olatuak irentsi ez dituenak: Kathyren hautaketa, eta abortoari buruzko Cl 128 proposamena, %57 alde, %43 kontra, abortatzeko eskubidea berretsiz eta Estatuko Konstituzioan eskubide gisa sartuz.


Katherine Bidegarayren agurra euskaraz hautatu berria izan ondoren


Katherine Bordagaray epailearen kanpainako bideoa

Sidney Montanan jaioa, aita Bettan 'Bert' Bidegaray mendibetarra, eta ama Thérèse (Ithurbide) Bidegaray ahatsarra guraso, Katherine 'Kathy' Bidegaray sei seme-alabaren artean behinena izan zen, arrantxu-etxalde batean hazia. Aita gazterik zendua, ama Thérèse gogo sendoko emakume langile eta etsenplu eder emailea ukan zuen, familia aurrera ateratzen Sidney aldeko landa-eremu zabaletan. Ameriketaratu eta Ahatsan bertan Bettanekin ezkondu aurretik errientsa edo maistra titulua ateratakoa zen Thérèse, pertsona aktibo, kementsu, fededun engaiatu eta aurrerakoia. 2022an hil zen arte, askotan mintzo ziren elkarrekin ama-alabak euskaraz, xuka ederrean. Izan ere, euskaradun hazi zen Kathy klima gogorreko Montanako eremuetan, lanari beldurrik ez izaten hezia. Eta lehenik abokatu eta ondoren epaile bilakatu zen. Duela ia urte eta erdi Estatuko Gorte Gorenera aurkeztea eskatu zioten, joera bereko epaile bat erretiratzen zela-eta. Hilabete hartu zuen erantzuteko, eta bera zela postua ateratzeko aukera gehien zuena esan ziotenean eman zuen pausoa aurrera, justiziarekiko engaiamendu handi eta ezaguna, ibilbide garbia eta irudi ona berme.

Familia atxikia, Euskadin eta Montanan

2023an bisitatu zuen azken aldiz Euskal Herria, ama hil ondoko urtean. Familian gertutasuna, kontaktua eta goxotasuna atxiki dute. "Askotan etorri dira hangoak hona eta hemengoak hara", esan digu Baionatik Kathyren izeba/tanta den Maite Ithurbidek. Eta "amodio handia dugu gure artean", aitortu dio EuskalKultura.eus-ri Kathyk berak ere, etxean ikasi zituen eta gurasoek Montanan irakatsitako balioez eta gizalegeko legatuaz harro. Bera zer den galdetzen diotenean, 'Basque' esaten du, batzuetan 'Basque', alegia 'euskalduna' zer den azaltzen topatzen badu ere bere burua. "Hemengo jende frangok badu haatik euskaldunen berri, aspaldidanik baitira euskaldunak Montanan. Eta ardura aipatzen didate langile azkarrak direla, hitza eman eta atxikitzen dutela, eta maite dute ni euskalduna naizela entzutea", eransten du.

Aita-ama eta naziak

Hauteskunde gaua, familia eta kolaboratzaile batzuk lagun Helenako hotel batean pasatu zuen Kathyk. Hauteskunde orokorren emaitzak berehala atera ziren, baina beste bozkagai eta aferenenak pixka bat gehiago hartu zuten, izan ere bereak asteazkena ongi sartua, Euskal Herrian dagoeneko ilundu zuela atera baitira, edo baieztatu dira, kontaketa luzean bere aldeko bozkak bera beti aurretik jartzen batzuten ere Bere sentipenez galdetuta, garaipena gazi-gozoa izan duela adierazi digu, nazio mailan eta bestela ere, errepublikanoak izan baitira garaile handiak. "Pena ukan dut beste guztia ikusita, baina nerearekin kontent naiz", esan digu. "Aita-amekin oroitu naiz, ni naizenaren eta bizitzan egin dudan guztiaren oinarria haieri zor baitiet, haiek erakutsitako lan egiteko etika, hezkuntzaren balioa, demokraziarekiko amodioa... Europan ezagutua baitzuten nazien inbasioa etxean, eta eskarmentu hura guri pasatu baitziguten". Eta orain? "Bozka nere alde eman duteneri eta guztieri eskerrak eman eta apal-apal hasiko naiz lanean, guztion dretxuak fin atxiki eta errespetaraziko ditudala ematen diet hitza" esan digu Montanako Gorte Goreneko juje berriak.



Komentarioak

  • Elkarriketa galdea

    agur Iparraldeko euskal Irratietatik. Kathy nahiko genuke kontaktatu. Berak euskaraz egiten du? Berekin mintzatzeko aukera izan genezake? mila esker

    Jose Luis aipzuru (Hendaia), 2024/11/15 10:39

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia