euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEB hauteskundeak 2018: Diana Lachiondo hautagai Ada Konderrirako, Aitor Narvaiza, Elkoko sheriffa izateko

2018/03/20

PUBLIZITATEA

Ez dira euskal hautagai bakarrak, baina bien kasuan Estatu Batuetako euskal komunitatean oso ezagunak diren bi pertsona dira, eta azken asteotan urratsa eman dute bakoitza bere barrutian hautagai izateko: Diana Lachiondo Idahoko Ada Konderriko Gobernu-Batzorderako hautagai demokrata izateko primarioetan ari da lehian (Boise hiria da Ada konderriko egoitza), eta Aitor Narvaiza, berriz, Elko hiria egoitza duen Elko konderriko sheriffa izatearren.

Boise, AEB. Diana Lachiondo Boise hirian jaioa da duela 37 urte, bertan oso aktibo eta ezaguna den euskal familia batean. Julian Lachiondo ibarrangeluarraren eta Mountain Home-ko (Idaho) Lydia Gandiagaren (gurasoak Ispaster eta Markinakoak) biloba da bera. Dianaren aitama, Dave eta Patty (Smedly) ere, Boiseko herritar aktibo eta engaiatuak dira, oro har eta baita euskal komunitateari dagokionez ere, kultura, unibertsitate eta hezkuntza arloko hainbat proiektutan ibiliak eta dabiltzanak. Diana eta bere ahizpa Alicia Boiseko euskal komunitateran baitan hazi dira, betidanik izan dira euskal etxeko kide, Oinkari dantza taldeko dantzari, NABO Udalekuko haur, eta hala segitzen dute euskal gauzetan; adibide koloretsu gisa, 2015an Athletic Boisera etorri zenean, Diana, senarra eta bi haurrak ekipoaren elastiko zurigorriz joan ziren animatzera.

Dianak ez zuen etxean euskararik ikasi eta konpromiso pertsonala harturik euskaldundu zen eta euskara maila ona izatera heldu zen. Gaur egun segitzen du Boiseko Euzkaldunak elkarteko kide izaten eta euskal etxeko ekimenetan erraz aurki daiteke, senarra eta bi haurrekin, euskaltasuna transmititu dien balioa baita. Nazioarteko Ikasketak ikasi zituen Washingtongo Unibertsitatean eta 2013tik Boise Hiriko komunitate lankidetzen zuzendaria da (director of community partnerships). Orain, Ada Konderriko Batzordean (Ada County Commission) 'commissioner' posturako hautagai demokrata izateko aurkeztu du bere burua (errepublikar baten eskuetan dago gaur egun eserlekua). Konderriko gobernua da batzorde hori eta hiru kidek osatzen dute. Ada konderriak, bestalde, Boise hiria baitaratzen du.

Hauteskunde primarioak maiatzaren 15ean egingo dira, eta hauteskunde orokorra azaroaren 6an. Aurrera, Diana!

Elkoko sheriffa, Ermukoa

Bestalde, ondoko estatuan, Nevadan, estatu iparraldeko Elko hirian, Aitor Narvaizak joan den martxoaren 12an ofizialdu zuen bere hautagaitza Elko konderriko sheriffa bilakatzeko (bai, sheriffak hauteskunde bidez aukeratzen dira Estatu Batuetan). 23 hiru urte eman ditu Aitorrek lanean Elkoko sheriffaren bulegoan eta bertan deputy sheriff edo sheriffaren ondokoa da gaur egun.

Aitor Narvaiza Ermuan (Bizkaia) jaio zen eta zortzi urte zituela bere familia eta bera Nevadara etorri ziren. Elkotar hazi da beraz, gaur egun 50 urte dituen Aitor. Bizitza osoan izan da bertako euskal komunitateko partaide eta hala segitzen du egun, Elkoko Euzkaldunak euskal etxeko bazkide izaten. Euskal herri-kirol zalea da eta, izan ere, ezaguna da oso bere lana harrijasotzaile bezala, Boisealdean, Elkon eta, Ekialde kostaldean, Connecticut-New England aldean baizik ez baita praktikatzen herri kirol hau, Aitor izanik altxaketen suziari urtetan eutsi dion Elkoko ordezkaria. Bere arrebetako bi ere polizi-lanetara dedikatzen dira. Aupa Aitor!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia