San Frantzisko, AEB. "Omenaldia Memorial Mass" izenpean AEBko Euskal Komunitateak urtero egin ohi duen bere hildakoen oroitzapenezko meza datorren igandean, urriaren 31ean, egingo da, aurten bigarren urtez jarraian online, egin ere San Frantziskoko Gure Euskal Etxetik. Aita Antton Egiguren meza-emaile, Artzai Ona AEBko euskal elkarte katolikoaren Facebookez segitu ahal izango da Kaliforniako goizeko 10etan (Euskal Herriko 18etan) eta 2020eko urritik hona hil direnak aipatu eta hartuko dira bereziki gogoan.
[Europatik segitu nahiko luketenek, gogoan hartu igandean bertan aldatuko dela ordua Europan eta Estatu Batuetan, berriz, astebete beranduago. Beraz ohiko ordu-aldeei ordubete kendu beharko zaio datorren asteburuan: horregatik, datorren igandean, Kaliforniako 10ak EHko 18ak izango dira]
Artzain Onatik gogoratu dute Meza hau 2020eko urriaz geroztik zendu diren pertsona maiteen oroigarri egiten dela. Antolatzaileek euren eskuetan zegoen guztia egin dute pertsona guztiak sartzeko, baina mozketa urriaren 15ean egin denez, baliteke azken batzuk sartu ez izana eta 2022ko Omenaldi Mezan sartu behar izatea, adierazi dute.
Euskaraz eta ingelesez emana, meza hau hainbaten borondate eta ahaleginaren emaitza da, euren ekarria egin baitiote San Frantziskoko Gure Euskal Etxeak, Aita Antton eta Artzain Ona elkarteak, eta baita Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxeak ere, NABOrekin batera, besteak beste.
Meza segituko ahal izateko meza-liburua, irakurgai eta kantu guztiekin euskaraz eta ingelesez, hemen topatuko duzu, bertan daudela mezan zehar gogora ekarriko diren 196 hildakoen izenak.