Bilbo, Bizkaia. Pedro J. Oiarzabal historialariak bidaia egin du berriki AEB eta Québec-era, Memoria Bizia egitasmoko bolondres taldeen jarraipena egiteko. Euskal Diasporaren memoria berreskuratu eta gordetzeko proiektua da, eta sustatzaile dira NABO, Eusko Jaurlaritza, Etxepare Institutua eta Deustuko Unibertsitatea, Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-en laguntzarekin.
"Taldeak martxan jarri dira dagoeneko hainbat lekuetan: Montreal (Quebec), New York (New York), Bakersfield-Kern County (Kalifornia), Chino (Kalifornia), San Francisco-Bay Area (Kalifornia), Reno (Nevada), Elko-Great Basin (Nevada) eta Boise (Idaho). Horiei guztiei zerikusia duten beste lau proiektu batu behar zaizkie: New England, Mojave (Kalifornia), Bishop (Kalifornia) eta Ontario (Oregon)", azaldu du Oiarzabalek. Bolondresek osatu dituzte talde hauek eta euren lana komunitatean zer kontatu duten nagusiek identifikatzea, elkarrizketatzea, eta, ondoren, testigantza horiek gordetzea eta zabaltzea.
Egitasmoaren ezaugarri nagusienetakoa komunitateak berak duen protagonismoa da. Euren historia denez, eurengain hartu dute kontakizun horiek jaso eta gordetzeko ardura. Nondik datozen eta Ameriketara nora heldu ziren ez ahazteko ezinbestekoa delako. Komunitateari lan honetan sostengua emateko, iaz Oiarzabalek hainbat lantegi eman zituen AEBetan eta Québecen, interesa zuten bolondresei laguntzeko.
"Lantegi hauetan elkarrizketak egiteko teknikak erakutsi nizkien, testigantzak jasotzeko formazio teknikoa, gero datu horiek nola prozesatu eta jaso...", agertu dio EuskalKultura.com-i. "Guztira, 50 bat bolondres trebatu dira. Orain elkarrizketak egiteko fasean gaude. Negua gogorra izan da han eta elkarrizketatuak bilatzea aritu dira gehienbat. Orain bai, errepidera atera eta irailera arte elkarrizketak egiten joango dira, apurka-apurka". Taldeen eguneroko lanaren berri Memoria Biziaren Facebook taldean argitaratuko da, hemen.
"Gelditu egin behar da memoria galtze eta ahanztura prozesu hau. Eta horretarako funtsezkoa da komunitatea bera izatea memoria gordetzeko ardura hartzen duena", esan du Oiarzabalek. Ekimenak interesa piztu du euskal komunitatetik kanpo ere, eta hainbat unibertsitate eta zientzia-gune proiektuari laguntzen ari dira, esaterako Center for Oral History, Concordia University (Montreal, Quebec), Oklahoma Oral History Research Program (Stillwater, Oklahoma) eta Great Basin College (Elko, Nevada).
"Horrenbestez, Memoria Bizia AEB eta Kanadan emigrazio eta erbestearen historia jasotzeko inoiz sortu den bolondres sare handiena da. Ziurrenik euskal Diaspora osoko handiena. Eta hau hasiera baino ez da", agertu du Oiazabalek. Izan ere, egitasmoren hurrengo pausoa talde berriak sortzea da, eta horretan ari dira dagoeneko Utah-n, Wyoming-en, Kalifornian (Fresno, Los Banos eta Susanville) eta Vancouver-en (Kanada).
Memoria Biziaren parte izan nahi duzu? Idatzi hona: info@nabasque.org.
Egitasmoari buruzko informaio gehiago, NABOren webgunean, hemen.