euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEB eta Australian egindako ‘The Hammer of Witches’en aurkezpenekin pozarren Begoña Echeverria kaliforniarra

2015/05/15

Interesgarritzat jo du Begoña Echeverriak liburua aurkezteko egin duen bira, irakurleen iruzkinengatik, bereziki (Argazkiak: B. Echeverria)
Interesgarritzat jo du Begoña Echeverriak liburua aurkezteko egin duen bira, irakurleen iruzkinengatik, bereziki (Argazkiak: B. Echeverria)

PUBLIZITATEA

“Oso bira interesgarria izaten ari da”, esan dio Begoña Echeverria idazleak EuskalKultura.com-i, ‘The Hammer of Witches’ estreinako nobelaren aurkezpen ibileren inguruan. AEB eta Australiako irakurraldien ostean atsedenalditxoa hartu bazuen ere, berriz ere martxan da Kaliforniako nafarra. 

Chino, AEB. Kalifornia, Washington D.C., New York, Idaho, Oregon, Colorado, Nevada, Sydney (Australia)… eta zerrenda ez da eten. Bira luzea egiten ari da Begoña Echeverria kaliforniarra The Hammer of Witches bere estreinako nobela aurkezten. Irakurleen iritzi “interesgarriak” jasotzen ari dela dio eta, horrekin batera, kritikaren goraipamena ere heltzen ari zaio, Britainia Handiko Historical Novel Societyk arestian egin duen legez.

“(Bira) oso interesgarria izan da, toki guztietan gozatu dut liburua aurkezten. Eta, nola irakurleen galderak desberdinak diren beti, erne izan naiz aurkezpen bakoitzean”, adierazi digu idazleak. Aurkezpen zenbaitetan, gainera, entzuleek bazeukaten liburua irakurria eta horrek “beste maila bateko galderak” entzutea ahalbidetu izan dio. “Irakurleen hitzak beti dira interesgarriak, baina liburua irakurrita dutenek jakin nahi dute zergatik pertsonaia batek egiten duren hura edo zergatik erabili dudan irudi bat zerbait azaltzeko”.

Irakurleek, gainera, liburuaren interpretazio desberdinak egiten dituzte eta horiekin “asko” ikasten duela esan du Kaliforniako nafarrak. “Batik bat nobelan sartu ditudan poema, legenda eta kantuen inguruan. Garaiak ulertzeko sartu ditut eta nik eta nire pertsonaiek modu batean interpretatu ditugu, baina irakurleek garaiotako perspektiba batekin interpretatu dituzte”.

NOKA eta ‘The Hammer’ batera

Lehen aldia du Echeverriak, liburu batekin, bira egiten duena. Baina askotan ibili da errepidean Nokako bere musika kideekin batera. EuskalKultura.com-i esan dionez, “izugarri” gustatuko litzaioke taldearekin eta liburuarekin bira bateratua egitea; “The Hammer-en irakurketa bat eta taldearen kontzertu bat egitea”. “Gainera, taldean baditugu sorginen inguruko hainbat kantu ere”, gehitu du, ate hori zabalik utziz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia