euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Adineko euskal amerikarren bideo elkarrizketekin aberasten hasi dira 'Bridge to the Pyrenees' webgunea

2016/04/26

Hogeita hamabost urtez aritu dira Gariador eta Etcheverria Kalifornia hegoaldera joandako euskaldunen datuak biltzen (Irudia: B.T.T.P.)
Hogeita hamabost urtez aritu dira Gariador eta Etcheverria Kalifornia hegoaldera joandako euskaldunen datuak biltzen (Irudia: B.T.T.P.)

PUBLIZITATEA

2009an ekin zion Mitch Gariador-ek 'Bridge to the Pyrenees' webguneari, "35 urtetan zehar Hego Kaliforniako euskal immigrateez biltzen joandako informazioa publikoaren esku jartzeko". Ez du webgunearen berri gehiegi zabaldu, “dugun informazioaren %25a ere igo ez dudalako”. Orain, baina, bideo elkarrizketak ere gehitzen hasi dela, “ataria iragartzeko moduan” dagoela esan dio EuskalKultura.com-i. Gariadorrekin batera, Jeanette Bidart eta Marianna Etcheverria ari dira lanean, Memoria Bizia proiektuko lankide.

Chino, AEB. Etchart ahizpak ‒Noeline Magistro and Arlette McGurty‒, Martin Itcea eta Louie Etcheberria dira Bridge to the Pyrenees webguneak elkarrizketatu eta grabaketa sareratutako lehenbiziko lagunak. Duela Pare bat hilabete eskas sareratu zituzten, baina “askoz elkarrizketa gehiago” dituztela esaten digu Gariadorrek. “Azken bost urteotan hamaika gizon eta emakume elkarrizketatu dituzte Marianak eta Jeanettek eta horretan jarraitzen dute. Memoria Bizia proiektua martxan jarri zutenean Pedrorekin (Oiarzabal) hasi ginen elkar lanean baina, nik dakidala, ez daukate oraindik elkarrizketok non erakutsi eta horregatik webguneratu ditugu”. Elkarrizketa berriak egiteaz gain, elkarrizketa zaharren formatua sarera moldatzen ere dihardute lanean.

“Euskaldunen inguruan topatzen dudan informazio guztia sartzen dut webgunean. Informazio asko daukagu eta, orain, elkarrizketekin, beste dimentsio bat emango diegu hainbat sendi euskaldunen historiei”, dio Hego Kalifornian baxenafartarren ondorengo jaiotako Gariadorrek.

Bide luzea

Gariadorren berbatan, “webgunea hasi aurreko bidea luzea izan da oso”. Izatez, 1980. hamarkadara egin behar da atzera. Garai hartan William Douglass CBSko sortzailea Mariana Etcheverriarekin sartu zen harremanetan, ikerketa proiektu batean laguntzeko. Kalifornia hegoaldean zeuden XIX. mendeko euskal izenak topatu behar zituen. Lan mardula zen eta Etcheverriak Gariadorri deitu zion, laguntza eske. Bi urteren ostean Douglass-en ikerketak norabide berria hartu zuen eta gordeta geratu zen lortutako informazio guztia. Orduan lortutako datuak eta, urtetan zehar gehitutakoak, Bridge to the Pyrenees webgunean hasi ziren ematen, duela bost urte. Hiru hamarkada pasa direnean, apurka apurka, hasi dira informazio guztia partekatzen: “Dugun informazio guztiaren %25a ere ez dut oraindik igo. Baina igotzen jarraituko dut, mota honetako historiak txikitatik erakarri bainau”, esan digu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia