Azul, Argentina. 2016an bururatu zitzaien Azulgo Gure Txokoa-ko euskara ikasleei etxeko patxarana egitea. Eta egin ez ezik, ekoizpen prozesua bideo polit batean filmatu zuten 2016ko Euskararen Nazioarteko Egunean aurkezteko. Ekimena hain arrakastatsua suertatu zenez, errepikatzea erabaki zuten. Baina euskal etxetik azpimarratu digutenez, garrantzitsuena honetan guztian emaitza likidoa baino, prozesu honek euskara taldeari dakarkion kohesioa eta talde-lanaren zentzua da.
Euskal Etxeko Elisabeth Etchegaray euskara irakasleak Euskalkultura.com-i aitortu dionez, “patxarana emaitza baino ez da. Eta garrantzitsuena prozesu oso honek eragiten duen talde lana da. Denon artean lortzen ditugu lehengaiak eta gauza bera gertatzen da botilen ezaugarriak, etiketak eta denadelakoak nolakoak izango ziren erabaki behar dugunean. Maitasunez, atxikimenduz, partaidetasunez eta engaiamendu handiz egiten dugu”, adierazi digu irakasleak.
Momentuz, ‘Gure Patxarana’-ren ekoizpena txikia da eta, ondorioz, Azulen salduko da, batez ere Euskal Etxeko kideen artean.
Beraz, dastatu nahi duenak Gure Txokoa-ra bertaratu beharko du, ahalik eta lasterren, pattar kodiziatua bukatu baino lehen.