Vitoria-Gasteiz. Joan den urte hasieran bulegoan sartu zenean hasitako bideari jarraiki, hitza bete eta Euskal Etxeen alorreko dirulaguntza 2019ko deialdi nagusia bideratua du dagoeneko Gorka Alvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria buru duen taldeak, eta atzoko Gobernu Bileran Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman ondoren, datozen egunetan argitara emango du EHAA Buletin Ofizialak.
Gauzak honela eginik, prozesu guztia aurreratu egiten da eta deialdiaren emaitzak, beraz, askoz ere arrazoitsuagoak diren datetara ekarriko dira 2019an. Oroi dezagun 2018ko Deialdi Orokorraren Esleipenaren argitalpena biharko Buletinean dela argitaratzekoa.
Orotara, 902.300 euro --782.307 IV. kapituluan (ohiko gastuetarako eta jardueretarako) eta beste 120.000 VII.ean (azpiegitura eta ekipamendu gastuetarako)-- banatuko ditu deialdiak.
EuskalKultura.com erne egongo da, eta datozen egunetan EHAA Buletin Ofizialak deialdia argitaratu bezain pronto argitaratuko du berria, euskal etxe eta federazioak euren eskabideak prestatu eta aurkezten has daitezen. Eta beste berritasun bat: epea, eskabideak aurkezteko ez da deialdi honetan orain arte bezala hilabetekoa izango behin buletinean argitaratuta, zabalagoa baizik: eskaerak otsailaren 28ra arte aurkeztuko ahal izango baitira (zehaztapenak, dena den, EHAAn, deialdia argitaratzen denean).
Gogoratu, deialdia buletinean argitaratu eta biharamunean hasten dela korritzen hilabeteko epea eskabideak aurkeztu ahal izateko.
OHAR GARRANTZITSUA: Eusko Jaurlaritzaren atzoko Gobernu Kontseiluak, bere oniritzia eman zien baita ere munduko Euskal Gizataldeetan Premia Larriko Egoeran daudenei erantzuteko 2019ko laguntzen deialdiari; eta euskal etxeetako gazteak Gaztemundu 2019 programan parte hartzeko deialdiari. Ikus bien xehetasunak honako albiste bereizituan.