Bilbo, Bizkaia. Bilboko Otxarkoaga auzotik, Txirula Kultur Taldeko lagunak zuzendu zaizkigu beste urte batez, euren deialdia luzatuz munduko ipuin idazlezaleei, datorren maiatzaren 10 eta 11an egingo diren Otxarkoagako XLIII. Umeen Jardunaldiei begira, haurrentzako literaturgintza bultzatzea helburu. Deialdia adin guztietako eta Euskal Herriko zein kanpoko idazleei dago zuzenduta eta testuak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez daitezke. Lanak bidaltzeko epea 2025eko urtarrilaren 8an bukatuko da.
Idazlanen gaia librea izango da, baina hala ere antolatzaileek jakinarazten dute epaileek umeei zuzendutako ipuinak, baita bakea, tolerantzia, genero berdintasuna, giza eskubideak eta ekologiari buruzko gaiak bereziki baloratuko dituztela. Idazleek ipuin bi aurkeztu ahal izango dituzte gehienez; originalak eta argitaratu edo saritu gabeak izan beharko dute eta orri-kopurua, gehienez lau orri eta gutxienez bi.
Aurkezteko lekua eta baldintzak
Testuak paperean edo formatu digitalean (Word fitxategi batean) bidali daitezke. Bi kasuetan, lerroen arteko espazio bikoitza izan behar da eta letra, Arial 12 edo antzeko bat. Postaz bidaltzeko, honako hau da helbidea: Otxarkoagako Auzo Etxea, Pau Casals Etorbidea 19, 48004 Bilbo. Lanak bidaltzeko helbide elektronikoa, berriz, txirulakulturtaldea@gmail.com.
Saria idazlanak argitaratzea izango da. Argitaratutako liburuaren hogeita lau ale banatuko dizkiete antolatzaileek hautatutako pertsonei, eta hala nahi edo ahal dutenek Otxarkoagako Kepa Enbeita plazan maiatzaren 11n egingo den ekitaldian irakurri ahal izango dituzte euren ipuinak, Umeen Jardunaldien barruan.
- Oinarri guztiak, hemen.