Boise, Idaho, AEB. Ipar Ameriketan bizi zaren gaztea bazara edo Ipar Ameriketan bizi den gazterik ezagutzen baduzu, irakurri arretaz artikulu hau, ez baita alferrik pasatzen uzteko modukoa. Aukera paregabea eskaintzen die Gipuzkoako Goierriko bihotzetik Ateak Ireki programak gazte iparramerikarrei, 2025eko udan Euskal Herrira bidaiatu eta hiru astez murgilaldi bat egiteko euskara eta euskal kulturan. Izena emateko epea, gainera, abenduaren 1eraino zabaldu da.
Aurreko bi edizio arrakastatsuen ondotik, datorrena hirugarrena du. Estatu Batuetako 16 eta 25 urte arteko gazteei luzatutako proposamen hau zinez ederra da: hiru asteko egonaldia Goierri gipuzkoarrean zinez murgilduta euskal kultura, ohitura eta hizkuntzan. Egonaldia, ekainaren 28tik uztailaren 20ra izango da. Parte hartzaileek ez dute txintik ordaindu behar, bidaia bakarrik Euskal Herriraino.
Ateak Ireki programak Euskal Herria barnetik ezagutzeko aukera paregabea ematen die gazte partehartzaileei. Lo, bere burua eskaini duten Goierriko familien etxeetan egingo dute, eta hiru asteetan zehar euskara eskolak hartuko dituzte Maizpide Euskaltegian eta Euskal Herriko hainbat hiri eta herri bisitatuko dituzte. Behin betiko programa oraindik ez da atera, baina antolatzaileek laster proiektuaren weborrian ipiniko dutela jakinarazi dute
2025eko nobedadeak
“Asko ikasi dugu lehenengo bi edizioetan eta prest jarraitzen dugu ikasten segi eta programa hobetzen segitzeko. Horregatik, datorren edizioko partaideei aukera emango diegu oso oinarrizko euskara klase batzuk hartzeko, online, Euskal Herrira abiatu aurretik.Etorriko diren gazte gehienek ez dakite euskararik eta uste dugu aldez aurreko klase horiekin apur bat errazagoa egingo zaiela elkarbizitza familia anfitrioiekin eta Euskaltegian”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat den Iñaki Goirizelaiak.
Euskal Herrira bidaiatu aurreko online klase hauen xehetasunak —taldeak, ordutegiak...— izen-emate epea bukatu ostean antolatu eta jakinaraziko dira. “Aurreko edizioetako protagonisten iritzia, gazteena eta anfitrioiena, bildu dugu eta horren emaitza da, hain zuzen, klase hauek proposatzeko hartu dugun erabakia. Izena ematen ari direnei eurei galdetu diegu, eta erabat prest agertu dira parte hartzeko, eta gogoan hartzeko modukoa iruditu zaigu eurek esandakoa”, azaldu du Goirizelaiak.
Ateak Ireki Hego Amerika
Honelako proiektuak burutu ahal izateko era egokiena auzolana delakoan, Ateak Ireki-ren arduradunak hasiak dira programaren hurrengo urratsa zein izango den pentsatzen. Eta prest daude 2026rako deialdia Hego Amerikako herrialdeei begira egiteko. “Badaramagu denbora bat ideia honekin buruan. Hego Amerika handia da, beraz nondik hasiko garen behar dugu erabaki lehenik, Argentina seguru egongo dela hasieran aukeratuko ditugunen artean… baita Uruguai eta Txile ere”.
“Dena den, salto hori eman egin nahi dugu, baina hori egin baino lehen sendotu egin behar ditugu oinarriak Euskal Herrian hemengo erakundeei dagokienez. Proiektua handitu egiten badugu, elkarteen babesak ere handitu beharko du, eta agian Gipuzkoako Goierrin sortu dugun bezalako sare bat Bizkaian ere eraiki beharko dugu”, adierazi du baikor Goirizelaiak.
Auzolana
Programa gazteei partaideentzat doan izatea, bidaia eta asegurua bakarrik ordainduz, proiektuak dauzkan eragile eta babesleei esker da. Lagun dira horretan Eusko Jaurlaritza, NABO, Batzen (Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamika), Goieki (Goierriko Garapen Agentzia) eta Maizpide Euskaltegia. Ekimenak Gipuzkoako Goierri eskualdea ardatz daukala dago antolatuta auzolana eta bertako biztanleak partaide. Parte hartzeko, hemen eman dezakezu izena. Webgunea, hemen.
- Ateak Ireki Instagram-en, ateak_ireki