Buenos Aires, Argentina. Urtebetetxo da DT Creativos enpresa bilbotarra euskal dantzak irakasteko plataforma aitzindaria sortzen hasi zela. Euskal Herrian zein Argentinan hainbat lan tekniko, artistiko eta didaktiko egin ostean, plataforma prest dago erabiltzeko. Dantza ikastaroa doakoa da, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez segi daiteke eta mundu osoko interesatuek eman dezakete urririk izena, eta euskal dantzak ikasteari berehala ekin, etxetik atera gabe eta hainbat erraztasun lagun.
Plataformako dantza irakaslea Txikito da, hainbatek, Argentinan bereziki, dagoeneko ezagutzen duen animaziozko pertsonaia. Eta Txikito, Aitor Alava da. Duela pare bat hamarkada Buenos Airesen ezarritako dantzari zuhatzarrak ematen dizkio irudiari mugimenduak, eta horrez gain irakaskuntzaren metodologiaz ere arduratu da. “Plataforma ez da bideo bilduma bat; dantza bakoitzak bere azalpena dakar eta nola egin behar den ere erakusten dugu”, azaldu dio dantzariak EuskalKultura.eus-i.
Harpidetza
Plataforman izena emateko, dantzak.txikito.es orrialdera joan behar da eta ‘Sarrera’ botoian sakatu. Debaldeko harpidetza egin ondoren, ‘Nire profila’ prest egongo da erabiltzen hasteko. Dantza jakin batean sartzean zailtasun maila (txapelekin edo edalotziekin adierazita) eta azalpena ikusten dira. “Ikastaroan sartu” botoiari eman ondoren, jarrerak, sekuentziak, muntaketak eta itxierak azaltzen dira, urratsez urrats. Urratsak minutu bat baino gutxiago irauten duten zazpi bideotan daude antolatuta, eta aurrera joan ahal izateko ezinbestean aurrekoak egin behar dira.
Dantza jakin batean sartu aurretik, azalpena eta zailtasun maila ikusi ahal izango ditugu
Dantzaren barruan zazpi bideo daude
Lerro hauek idazterakoan, zortzi dantza daude eskuragai, esan nahi baita Eskudantza, Txulalai, Mahaigaineko, Txantxo Dantza, Arin Arin, Fandango, San Petrike eta Biribilketa. Proiektuaren arduradunak bigarren fasean ari dira lanean eta laster hamar dantza berri sartuko dituzte. “Dantza kopurua ez da mugatua izango; denbora aurrera joan ahala eduki berriak sortu eta sartuko ditugu”, azaldu digu Alavak.
Inaugurazio ofiziala 2026an
“Gero eta gutxiago falta da plataforma guztiz prest egon dadin”, adierazi du Txikito markaren Argentinako erreferente den Daniel Gialleonardok. “Hala ere dagoena erabilgarri dago eta dantzari eta dantzazale guztiak gonbidatu nahi dutugu probatzera, batez ere Diasporakoak”.
Plataformaren inaugurazio ofiziala ere moldatzekotan daude DT Creativos enpresako lagunak. “Ekitaldi polit bat egin nahi dugu plataforma behar bezala aurkezteko baina hori baino lehen plataforma ez ezik, aplikazioa ere nahi dugu prest izan. Dena pentsatu bezala baldin badoa, asmoa da 2026aren hasieran egitea... Argentinan, noski”, iragarri digu irriño batez Gialleonardok.
Txikito Facebook-en, vasotxikitoregalosoriginales
Txikito Instagram-en, txikitomunduan
Txikito TikTok-en, txikiteandoo
Txikito YouTube-n, txikitomunduan