Tandil, Argentina. German Spindolak 20 urte baino gehiago daramatza palan jokatzen, eliteko lehen mailako jokalaria da 2006tik, eta 2013an Argentinaren ordezkari izan zen munduko txapelketan. Bere ibilbide oparoak eta kirol honekiko zaletasunak erronka berri bat hartzera bultzatu dute aurten: Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko kantxa kudeatzeko ardura bereganatu du. Gauzak horrela, martxoan Paleta Pilota Irekiera Txapelketa antolatu zuen, eta 94 bikotek hartu zuten parte.
Euskalkultura.eus-ekin solasean, kontatu digu pozik dagoela, txapelketa arrakastatsua izan baitzen oso, eta paridek jende asko bildu zutela, 170 lagunetik gora finaletan, baita 140 lagun ere azken eguneko afarian. Orain Claudio Acevedorekin batera Klausura Txapelketa antolatu du. Abuztuaren 7an hasiko da, eta astelehenetik larunbatera jokatuko da hiru astez. dagoeneko 92 bikote daudela izena emanda, besteak beste "González Chaves, De la Garma, Rauch, Ayacucho, Juárez, Tandil, Bahía Blanca, Azul, Necochea, Las Flores, Buenos Aires Hiria eta General Rocakoak".
Gure Etxea-ko Paleta Azpibatzordea
Txapelketa honetan goma modalitatean jokatuko dute hainbat kategoriatan, hala nola Elite, Lehenengo, Bitarteko, Bigarren A eta B, eta Emakumezko A eta B. Txapelketaren amaiera abuztuaren 25ean jokatuko da, ostirala, eta afari bat antolatu dute sari banaketa egin eta txapelketari amaiera emateko, Argi dago ekimenok jendea higitzen dutela eta zaletasun handia dagoela proposamen eta aukera egarriz, Tandil eta inguruan, baina baita ere Buenos Aires probintzian zein herrialde osoan. Aurrera lan onarekin!