Roldan, Argentina. 2016an lortu zuen bere Lege-Izaera Santa Fe probintziako Roldan-go Euskel Biotza Euskal Etxeak, baina askoz lehenagotik, 1988tik, hasiak ziren herriko euskal jatorriko lagunak biltzen, ekitaldiak antolatu eta denborarekin Euskal Etxea bilakatuko zenaren oinarriak lantzeko. Hiru hamarkada geroago, elkartearen lehenengo ekintzen 30. urteurrena ospatuko du Roldango euskal gizataldeak eta San Inazio eguneko festan egingo dute.
Ospakizuna abuztuaren 5ean izango da eta 10:30etan hasiko da Iñaki Deunaren omenezko mezarekin. 11:30etan plazako dantzen txanda izango da eta 12:30etan, bazkaria elizako polikiroldegian. Bazkarian zehar dantza ikuskizunaz aparte, sokatira txapelketa egingo da, sariak eta guzti, eta “Oroigarrien bazter" bat, elkartearen garai guztietako euskal jantzi, bideo eta argazkiak barne.
Ekitaldian Rosarioko Zazpirak Bat, Pergaminoko Lagun Onak eta Paranako Urrundik euskal etxeek ere hartuko dute parte eta baita elkarte anfitrioiko dantzari eta kide ohiek ere. Etxeko erreferente den Gabriela Menghik iragarri dio EuskalKultura.com-i “jai hunkigarria izango d(el)a, Euskel Biotza euskal etxea baino gehiago delako guretzat. Euskel Biotza gu hartu gaituen etxe bakoitza da, herriko kluba; alaitasuna, elkartasuna, lana eta familia ere bada. Horregatik, merezi duen bezala omendu nahi dugu”.