euskal diaspora eta kultura
2012/09/10
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz. Iñaki Goikoetxeak eta Mayte Galardik Colorado estatuko Denver hirian hasi zuten Gurea programaren 2012ko tailer-bira, abuztuaren 9an. Bertan izan ziren astebetez, eta egonaldian Coloradoko Euskal Etxeko kideekin lan egin eta elkartea ezagutzeko aukera izan zuten. "Euskal etxe txikia da eta inguruko estatuetan artzain bezala lan egiten zutenen seme-alabek osatzen dute", diote. "Euren bi arazo handienak lokal falta eta distantziak dira, bazkide batzuk estatuto hiriburutik bi ordutara eta gehiagotara bizi baitira".
Coloradon Euskal Herriari eta Diasporari buruzko mintzaldiak eta haurrentzako lantegiak eman zituzten eta abuztuaren 12an Euskal Etxearen urteroko piknikean hartu zuten parte. Laurogei bat lagun bildu ziren jaira. Coloradon bizitutakoaren artean Maria Jose Berterretche elkartekideak erakutsi zien altxorra azpimarratzen dute bi bekadunek: bere aita Pierrek Wyoming-eko mendietan artzain ibili zen bitartean eskuz idatzitako liburua, ia ehun euskal kantekin.
[Coloradoko euskal etxeko umeek Picassoren 'Guernica' margoaren murala egin zuten (argazkia Gurea Workshop)]
Chinotik Rhode Island-era
Coloradotik Kaliforniara, Chinoko Euskal Etxera. Elkarte honetan Los Angeles inguruko euskaldunak batzen dira eta Estatuko euskal etxe handienetarikoa da. Bertan beste astebete egin zuten eta haur eta nagusientzako tailerrak eman zituzten. Horrez gain, gazteei zuzenduriko Euskal Herriko maparen gynkana ere egin zuten (euskal kulturari buruzko hainbat probez osatutako talde-lehiaketa). Igandean, abuztuaren 19an, euskal piknik batean parte hartu zuten. "Mila lagun inguru elkartu ziren eta Behe-Nafarroatik joandako ‘Kantuz’ taldearekin dantzatzeko aukera izan zuten", azaldu du Galardik.
[Iñaki Goikoetxea eta Mayte Galardi, erdian, Chinoko dantza taldeko gazteekin (argazkia Gurea Workshop 2012)]
Azken txanpak AEBetako beste muturrera eraman zituen bekadunak, Rhode Island estatura, hain zuzen ere. Bertako euskal etxeak, Rhode Island Basque Club delakoak, ezaugarri berezia du, bazkideak Newport-eko frontoian lan egitera joan ziren pilotariak eta euren familiak direlako. "Rhode Island inguruan 200 pilotari edo bizi izan ziren eta azken frontoia, Newport-ekoa, 2003an itxi zen", dio Goikoetxeak. "Han ez genuen euskal kultura eta paisaiaren inguruko aurkezpenik antolatu, bazkide gehienak Euskal Herrian jaioak zirelako. Aldiz, tailerrak, jolasak eta gynkanak antolatu genituen larunbatean parke batean egin zuten piknikean".
'Thank God I am Basque'
Bidaian anekdota frango bizi izan dituztela onartzen dute: "Euskal Herria presente dute leku guztietan! Chino-n ikurrinak ikusi genuen etxeetan eta kalean, hango banderarekin batera. Matrikuletan marko bat jartzeko aukera ere badute: Kalifornian ‘Thanks God I’m Basque’ (Jainkoari eskerrak euskalduna naiz) eta Massachusetts-en ‘World's Greatest Aita’ (Munduko aitarik bikainena) ikusi genituen".
[Kalifornia estatuko matrikula 'euskaldun' bat (argazkia Gurea Workshop 2012)]
Bidaian euskal kultura irakastera joan eta makina bat gauza berri ikasi omen dituzte biek. "Euskaldun beteranoak artzainak ziren, Euskal Herrian jaioak, eta aurrera segitzen dute hemen ikasi zuten bizimoduarekin. Euren seme-alabak euskal-amerikarrak dira eta bi mundu artean bizi dira eta bilobei kultura erakusten saiatzen dira".
Euskal kultura zaintzeko ahalegin horrek harritu egin ditu bi gazteak: "Gure artean aipatu dugu ‘euskal-amerikar dantzari batek Euskal Herriko hamar gaztek baino dantza eta tradizio gehiago ezagutzen dituela’. Nola liteke euskal kultura gure lurretik at hemen baino gehiago maitatzea?", diote.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus