euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abuztua festetan: Euskal Festak? Euskal Herrian egiten direnak: Europako EHan eta munduan barreiatutakoan

2022/08/19

Datorren asteburuan San Frantziskon egingo den Udako Besta euskal festaren kartel eta programa
Datorren asteburuan San Frantziskon egingo den Udako Besta euskal festaren kartel eta programa

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Abuztu erdia pasea da eta astelehenetik aurrera EuskalKultura hamar egunez egongo da emititu gabe, barruko lanak egiten irailaren 1ean itzultzeko, beraz azken artikulu honetan gainbegiratu bat eskainiko diodu panoramari, urtero sasoi honetan egiten dugun iruzkin edo kronikatxoan. Esaten genuen aurreko batean aste hau aste berezia dela Euskal Herri osoan, abuztuaren 15aren inguruan. Joan den astelehenean gu geu Donibane Garazin suertatu ginen, bertako bestetan, eta horren lekuko beherago txertatu dugun bideoa.

Aste Nagusiari ekin zioten Donostian joan den larunbatean, eta jaiek datorren iganderaino iraungo dute. Eta aldi berean, datorren larunbatean hasiko da Bilbon bertako Aste Nagusia, Mari Jaia dantzan jarriz, bertan ere ondoko asteko iganderaino. Diasporan, oroitzen genuen bezala, San Ignazio dira Boiseko festak. Argentinako Necochean, euren Sanignazioak abuztuaren 7an ospatu ditu aurten bertako Euskal Etxeak, eta 13ko asteburuan, euskal festak izan dira Nevadako Battle Mountain eta Gardnervillen eta Wyoming-eko Buffalon. Eta Mendoza eta Chivilcoy-n, berriz, Haurraren Egunaren karietara egin dituzte txikienak protagonistak izan diztuten jaiak.

Joan den astelehenean, abuztuaren 15ean, St Pierre eta Mikelunen hasitako euskal festek larunbateraino iraungo dute. Baina bihar larunbata, abuztuak 20, Euskal Herriko moduko giroa nahi duenak aukera onak izango ditu munduan, esaterako Buenos Airesen, Tripoteoa antolatu baitu bihar San Telmoko kaleetan zehar bertako Euskaltzaleak elkarteak, kantua, dantza, trikia eta poteoa lagun. Bihar eta etzi, bestalde, euskal musikarien topaketa La Pampako Macachinen, urriko bigarren asteko Euskal Aste Nazionalaren prestatzaile; eta Cañuelasen, hiriko Denak Bat-ek San Ignazio ospatuko du, bazkaria, abesbatza eta dantzariak partaide.


Joan den astelehenean Donibane Garazin, herria Kontrapas kantari - irudia EuskalKultura.eus


SP eta Mikeluneko euskal bestak astelehenean, bertako korala Agure Zaharra kantari - irudia Pascal Carrere


St Pierre eta Mikeluneko eta New Londoneko 2022ko euskal festen kartelak

Ondoko asteko ostiralean, abuztuaren 26an, NABO Convention egingo da Connecticut-eko New London-en, New England Basque Club antolatzaile, eta bi egunez Jean Flesher eta Amerikanuak banda arituko dira euskal festan musikari; kirol alorrean, larunbatean herri kirol erakustaldi handia, tartean aizkora, harri jasotzea, txingak, lokotx batzea, sokatira eta ingudea. NABOK bertan banatuko dituen Bizi Emankorra sariak Juan Mari Aramendi, Noël Fagoaga eta Roberto Guerenabarrenarentzat izango dira, zorion beroak!.Benan Oregi teknikaria izango da NABO Conventionen, eta aurreko asteko St Pierre eta Mikeluneko euskal festetan, Jaurlaritzako ordezkari.

Asteburu horretanxe, abuztuaren 27 eta 28an, San Frantziskoko Gure Euskal Etxea-Basque Cultural Center-ek bere urteroko Udako Besta egingo du, ohi bezala pilota partidak eta lagun zaharrak biltzea protagonista nagusi. Aukera badago oraindik larunbateko afarian eta igandeko bazkarian izena emateko SFBCCrsvp@gmail.com helbidera emaila igorriz edo +1 650 204 1489 zenbakira deituz.

Kinto bazkari berezia San Frantziskon

San Frantziskotik atera gabe, esan dezagun, aurten 'Kinto Bazkaria' antolatu dutela bertan euskal komunitateko "gazteek", baina eguneratua, loturagabe soldaduskarekin, urte berean jaiotako neska-mutikoen festa edo bilera gisa antolatua. Asteburuaren hasieran, 26an, ostegunean, egingo dute Gure Etxean bertan, eta 1980, 1981 eta 1982an jaiotakoak bilduko ditu. Eta ez dezagun esan gabe utzi, asteburu osoan musikari ibiliko den Europako taldea 'Zirimiri taldea' izango dela, batzuentzat 'LarreAlde trikitilariak' bezala ezagunagoak, kasu honetan eurak ere Diasporakoak, Parisen guraso euskaldunen seme baitira Patrik eta Christian, frantses hiriburuan jaio eta haziak, egun Euskal Herrian bizi badira ere.

Ondoko astean iraila izango da deia, eta beraz lehenengo asteburuan Chinoko Euskal Piknikaren tenorea, 3an eta 4an bereziki. San Frantziskon ibilitako Zirimiri taldea Chinon arituko da. Eta Iholdiko klika ere Europatu gonbidatu izango dute. Hemen ere pilota partidak bertako pilotariekin, euskal dantzak eta dantzaldia, igandean Besta Berri Meza eta klikekin... Urtero bezala, aukera ederra besta polita egiteko, kantuz arizan, lagunekin solastu, dantza, otordu... Mila esker handi bat hori guztia San Frantziskon, New Londonen, Macachinen, Buenos Airesen, Cañuelasen, Battle Mountainen, Gardnervillen, St Pierre eta Mikelunen, Buffalon, Chivilcoyn, mendozan... posible egingo duten bolondres eta langile guztiei.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia