euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abiatu dira La Platako Euzko Etxean 2018 ekimenak: Jose Luis Macchi eta Andoni Azcarate Udako Mus Txapelgoko irabazle

2018/02/21

La Platako I. Udako Mus Txapelketa
La Platako I. Udako Mus Txapelketa

PUBLIZITATEA

Txapelketa Euzko Etxeak City Bell herrian daukan kirol zelaian izan zen, ‘Bixente Ibarguren’ Lagunartea arduradun eta bi helbururekin: egunpasa polit bat egitea eta, aldi berean, Euskal Herriko karta jokorik tipikoenaren praktikari bultzada bat ematea. Hori gogoan, jardunbide handiko muslariek ez ezik, hasi berriek ere hartu zuten parte. Urteko lehenengo ekimen arrakastatsu honen ostean, bere aktibitate guztietan izena emateko aukera ireki du Euzko Etxeak.

La Plata, Argentina. Otsailaren 18anegin da Udako Mus Txapelketa, euskal etxe laplatatarrak City Bell-eko Las Banderitas auzoan daukan kirol zelaian. Bikoteak osatu ondoren, bi zatitan antolatu zen lehiaketa. Bazkaldu aurretik, lehenengo errondak; bigarrena eta finala, bazkalostean. Euzko Etxeko erreferente eta mus-zale den Maria Fernanda Astigarragak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “hasieran 'muslari zaharrak’ lasai lasai zeuden eta berriak, ordea, urduri; baina bukaeran sentimendu bera partekatu zuten guztiek: lagunen artean euskal karta jokoan aritzeko plazerra nagusitu zen”.

Bazkaltzeko orduan, erreki eder bat –Cañuelasko Daniel Sancholuzek oparitutako txerri bat– partekatu zuten muslariek eta laguntzaileek. Arratsaldean, Jose Luis Macchik eta Andoni Azcaratek, eta Juan Jose Umaran Izak eta Juantxi Yacominik osatutako bikoteek jokatu zuten finala. Txapelduna Macchi-Azcarate bikotea izan zen. Astigarragaren hitzetan, “jendea elkartzeko eta elkarrekin egun ederra pasatzeko aukera izateko helburua bikain bete genuen eta asmoa, orain, errepikatzea da”; “Pentsatzen dugu bide honetatik joz, gero eta jende gehiago ausartuko da musean jokatzera, batez ere goi mailako muslarien laguntza eta babesa dutelako, tartean nazioarteko txapeldunena”.

2018rako ekintzak

Argentinako beste hainbat euskal etxetan bezala, euren urte osoko egitaraua ari dira prestatzen egun hauetan laplatatarrak. Martxoaren 8an Udalak antolatutako "Kolektibitateen Emakume Nabarmenak" omentzeko ekimenean hartuko du parte Euskal Etxeak. Martxoaren 12tik 17ra maila guztietako euskara klaseak hasiko dira eta horretarako zabaldua da dagoeneko izena emateko epea. Interesatuek secretaria@cvascolaplata.org.ar helbidera idatzi behar dute.

Datozen asteetan Euzko Etxeak garatzen eta babesten dituen gainerako aktibitateak ere abiatuko dira. Urtero bezala, eskainiko diren proposamenak hauexek izango dira:
-Dantzak
-Artxibo historikoa
-Matxin Burdin Liburutegia
-Kanasta
-UNLPko Gogoetarako Euskal Katedra Askea
-‘Jose Maria Arizmendiarrieta’ euskal argentinar ikasketak Gunea
-Zinea
-Emakumeen Batzordea
-Abesbatza
-Umeentzako ‘Athletic Bilbao’ Futbol Eskola
-Itsuentzako Futbol Eskola
-Gizonezko gimnasia
-Hockey Eskola
-Mus
-Musika tradizional tailerra
-Euskal Pilota (larruzkoa, esku pilota, xare)
-"Athletic Bilbao Tango Club de La Plata",  "Bixente Ibarguren" eta "Mari Aramayo" lagunarteak
-Euskal Sustraiak Irratsaioa (http://www.radioaltavoz.com)
-Yoga


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia