euskal diaspora eta kultura
2013/04/05
PUBLIZITATEA
Boise, Estatu Batuak. Apirilaren 1ean hasi da ofizialki lanean Boisen Miren Perez Egireun, Euskadiren eta Idaho eta Estatu Batuen arteko harremanak sustatu, kudeatu, lagundu, erraztu, bideratu eta areagotzea helburu duen Euskadiren Bulego berrian. Ingelesarekin batera, euskara eta gaztelania ongi menperatzen dituen bilbotarra lanean da dagoeneko, eta berehala zabalduko da baita ere lantoki eta egoitza izango duen lekua, Boise erdigunean, Borah Building-en (U.S. Post Office and Federal Building du izen ofiziala) kokatuta dagoena, Idahoko Kapitolioaren parean, hiriburu idahotarreko Udaletxearen eta Basque Block delako euskal gunetik oso gertu, hiriko leku estrategikoan alegia.
Bulegoak jorratuko dituen gaiak 2012ko otsailaren 12an Euskal Autonomi Erkidegoak eta Idahoko Estatuak sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota daudenak dira. Hauen bitartez Euskadi eta Idahoren arteko lankidetza garatzeko zubi berriak eraiki eta bermatu nahi dira bi arlo nagusitan: alde batetik ekonomiara eta enpresara bideratutako ekintzak, eta bestetik kultura eta hezkuntza bultzatzeko ekimenak.
"Bulegoaren ateak zabalik ditugu"
Bulego berriaren irekiera dela eta, Miren Perez Egireunek hitz batzuk zuzendu dizkie bertako euskaldun eta amerikarrei, EuskalKultura.com-ek galdeginik, izan ere, boisetarrei eta mendebaldeko euskaldunei bere agurrik beroena helaraziz eta "Boiseko bulegoaren ateak zabalik izango dituztela jakinarazi(z), euren ideiak eta ekimen-proposamenak entzuteko eta aztertzeko prest" dagoela azpimarratuz. "Mendebaldeko euskaldunekin harreman zuzen eta gertua eraikitzea da nire asmoa.
Boisetarrei bereziki hiri honetan jaso dudan harrera beroa eskertu nahiko nieke", esan du baita ere.
Miren Perez Egireun bilbotarra da. Kazetaritza eta Ikusentzunezko Komunikazioa ikasi zuen unibertsitatean baina profesionalki, karrera bukatu eta gutxira Baker & McKenzie abokatu firmak Madrilen daukan egoitzan hasi zen lanean, Komunikazio, Marketing eta Negozio Garapen sailean, urte t'erdiz. Iaz, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian lan egiteko aukera suertatu zitzaion, bekadun modura, eta aurkeztu zelarik, Estatu Batuetarako postuetako bat lortu zuen. Aldi berean, Harreman Internazionalen arloan master bat ikasten ari da.
Iaz maiatzetik azarora bitartean Gasteizen aritu zen lanean Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, Kanpoko Euskal Komunitateentzako Zuzendaritzan, eta azaroaren 23tik New Yorken, Euskadiren Estatu Batuetako (Kanada eta Mexikoko) Ordezkaritzan ibili da lanean.
Orain berreskuratu bada ere, aurretik ere izana du Boisek euskal azpiordezkaritza bat, New Yorkeko Ordezkaritzaren menpekoa. 1939-40 urteetan, Jon Bilbao Azkarreta zen bertako arduraduna.
Miren Perez Egireun
(1) 646 368 6040 ext 104
m-perezeguireun@ej-gv.es
www.euskadi.net/euskaldunak
Ordutegia: astelehenetik ostegunera, goizeko 9etatik arratsaldeko 5ak arte; ostiraletan, berriz, 3ak arte (Euskal Herriarekin, 8 orduko aldea dauka Idahok)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus