Vitoria-Gasteiz. Gaztemundu 2024 programako 15 neska-mutikoek euskal dantza tradizionalaren esparrua landuko dute eta atzo iritsi ziren Loiura. Gogora dezagun, azkenean hamaika neska eta lau mutiko direla, gutxienez 18 eta gehienez 35 urte artekoentzat den ekimen honetan aurtengo edizioan parte hartuko dutenak, Argentina (13), Estatu Batuak (1) eta Uruguaitik (1) etorriak eta abenduaren 1etik 15era segituko dutela programa, Gasteiz oinarri dutela baina Euskal Herri osoa bisitatuz, dantza eta kulturari lotutako saio eta irteerak tartekatuz.
Bi asteotan zehar nekatzeko baizik ez dute astia izango, osatua baitute programa, saioetako batzuk Gasteizen bertan, baina baita dantza errepika eta saioekin Errenteria, Bilbo, Tafalla eta Lizarran ere, Euskal Dantzarien Biltzarra (EDB) antolatzailekide. Kultura irteera eta txangoak, aipatutako lekuez gain, iritsiko dira besteak beste Donostiara, bihar astearte bazkalondoan Euskararen Nazioarteko Eguneko saioekin bat egingo dutela Boulevard-ean, gainerako herritarrekin batera.
Ondoko egunetan bisitatuko dituzte Jantzien Zentroa Errenterian, Gernikako Arbola, Batzarretxe eta Bakearen Museoa, Durangoko Liburu Azoka, Añanako Gatz Arana, Guardia herria eta soto bat, Guggenhein Museoa, Biarritze eta Baionako Euskal Erakustokia, Iruñea, Lizarrako Ertaroko Hirigunea eta Gastelugatxe Doniene. Aurreikusten da momenturen batean "gaztemundulariak" Imanol Pradales lehendakariarekin elkarretaratzea, baieztatzeke dagoen topaketa batean.