euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abian da 'Zortziak bat', Latinoamerikako euskal etxeen edukiak emitituko dituen ikus-entzunezkoa. Esku hartu nahi?

2022/02/24

Ander Uruguaiko euskal etxeetan hasi da lanean, "Zortziak bat" proiektua grabatzen
Ander Uruguaiko euskal etxeetan hasi da lanean, "Zortziak bat" proiektua grabatzen

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Ander Elordui Somarriba (Mungia, Bizkaia) iazko abuztuan iritsi zen Montevideora truke-programa bati esker, eta gaur egun Ikus-entzunezko Komunikazio karrerako laugarren urtea ari da egiten bertan. 21 urteko bizkaitarra EiTBn aritu izan da lanean, EH!rasmus izeneko programa batean: astero munduan zehar barreiatuta zeuden sei gazte euskaldunek euren bizipenak kontatzen zituzten eta Youtuben transmititzen zituzten. 

Uruguaira iritsi eta denbora gutxira, bertako euskal etxeekin harremanetan jarri zen Elordui eta aukera izan zuen euskal diaspora gertutik ezagutzeko. Esperientzia horren jabe, karrera amaierako bere lana erabaki zuen, Latinoamerikako euskal etxeetan oinarrituta. Horrela sortu zen “Zortziak bat” ikus-entzunezko proiektua, eta euskal etxeetan gertatzen dena islatzeko duen asmoa.

Saio edo tarte bakoitzaren sarreran, euskara eta Euskal Herriari buruzko atalak egingo dituela aurreratu du Anderrek. Euskal etxeen bizitzarekin eta bertan garatzen diren jarduerekin zerikusia duten edukiak ekoiztea proposatzen du gazteak, eta Youtubeko kanal baten bidez ezagutaraztea. Helburua, egiten den guztia gazteen ikuspegitik dokumentatzea da. Programa pilotua grabatuta dago eta Carmelon egin zuen.

Ander gogotsu dago oso eta martxotik aurrera euskal etxeetatik bira egiten hasteko asmoa du, ekitaldi eta elkarrizketak grabatzeko. Gogoratu beharra dago bertako euskal etxeak martxoan hasi ohi direla urtero euren jarduerekin, udako oporren ondoren. Lanari ekin ahal izateko, euskal etxeen lankidetza behar du eta, horregatik, zenbait erakunderekin jarri da harremanetan: FEVArekin, Euskadiren Argentinako Ordezkaritzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendari Gorka Alvarez Aranbururekin, eta euren babesa lortu du.

Euskal etxeei e-mailez zuzendu zaie oraingoz, eta bisita-kronograma bat egingo du proiektuarekin bat egin nahi dutenekin. Azpimarratzen du proiektu irekia dela eta bat-bateko komunikazioa aprobetxatu nahi duela bertakoekin elkartzeko. Argentinako, Txileko eta Peruko hainbat euskal etxerekin ari da dagoeneko harremanetan eta laster abiatuko da euskal etxeen itzulian.

Berarekin harremanetan jartzeko, idatzi zortziak1@gmail.com helbidera. Animatzen?



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia