euskal diaspora eta kultura
2011/07/08
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz. Hasi da jada lanean EAEko Urrutiko Lanbide Heziketako Institutua. Erakunde honen helburua zera da: "klase presentzialetara joan ezin duten pertsonei lanbide heziketa ikasketak egiteko aukera ematea", Hezkuntza Sailak azaldu duenez. Institutuak teknologia berriak eta internet baliatzen ditu ikastaroak gauzatzeko. Horregatik, eta EuskalKultura.com-ek baieztatu ahal izan duenez, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunek ere izena eman dezakete.
"Une honetan gure ikasleen artean bada, adibidez, Saudi Arabian bizi den mutil bat. Ama euskalduna du eta hemen beste ikasketa batzuk ere egin ditu aurretik", azaltzen du Institutuaren zuzendari den Javier Santestebanek. Hala ere, azterketak presentzialak izango direla azpimarratzen du, eta sukaldaritza bezalako ikastaroek zentro jakin batzuetan egin beharreko klase praktikoak izango dituztela.
Aurtengo ikasturtean eskaintzen diren ikastaroen artean haur hezkuntza, informatika, elektrizitatea, osasuna eta sukaldaritza arlokoak daude. Tamalez, aurtengo matrikulazio epea itxita dago jada, baina EuskalKultura.com-etik interesa duzuenoi Institutuarekin harremanetan jartzeko gonbitea egiten dizuegu, datorren urteari begira izan daitezkeen ikastaroen berri izateko eta Diasporako euskaldunentzako interesgarriak izan daitezkeen eskaintzak aurrikusteko.
-Informazio osoa Institutuaren webgunean, hemen
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus