euskal diaspora eta kultura
2013/06/20
PUBLIZITATEA
Bakersfield, AEB. Bakersfield-eko Kern Country Basque Club euskal etxeak hartu du aurten NABOren Udaleku
antolatzeko ardura, eta ikastaroa hasi berria bada ere, esan daiteke dagoeneko arrakastatsua izan dela, Bakersfield-en egin den aldi guztietan oraingoan inoiz baino gazte gehiago bildu baitira aurtengoan bertara. Udaleku 10-15 urte bitarteko neska-mutilei zuzendua da eta helburu bikoitza du: batetik, gazte hauei euskal kultura irakastea; eta, bestetik, AEBetako euskal etxeetako neska-mutilei elkar ezagutzeko eta lagunak egiteko aukera ematea.
Askorentzat esperientzia ahaztezina bihurtzen da Udaleku, eta bizitza osorako lagunak egiten dira bertan. Hori dela eta, urtetik urtera gora egiten du bertan parte hartu nahi dutenen kopuruak.
[Bi ikasle Udalekuko taldeak Bakersfield-eko jatorri nafarreko Echeverria behi-arrantxu eta instalazioetara egin zuen bisitan (argazkia Udaleku2013)]
Aurreikuspenak hautsi
Aurten ehun neska-mutil ari dira parte hartzen ikastaroan. Antolatzaileek 80 bat espero zituzten, baina eskariak aurreikuspen guztiak gainditu egin zituen. Datozen bi asteetan Bakersfieldeko 20 bat sendik etxean hartuko dituzte San
Frantzisko, Chino, Reno, Fresno, Boise, Rock Springs, Salt Lake City eta beste zenbait tokietatik etorritako gazteak. Orotara 60 pertsona heldu ari dira lanean Udalekun, irakasle, hornitzaile, haurrak garraiatzen, janaria prestatzen eta oro har laguntzaile gisa. Horien artean badira aurreko edizioetan ikasle izan ziren zenbait gazte, orain eurek ikasi zutena besteekin partekatzeko eta Udalekuko esperientziari segida emateko irrikaz.
[Aurreko edizioetan Udalekun parte hartu zuten gazte euskal amerikar hauek irakasle-laguntzaile gisa itzuli dira aurten (argazkia Udaleku2013)]
Bi aste hauetan neska-mutilek euskara, dantza, kirola, kultura, gastronomia, musa eta txistua ikasiko dute besteak beste. Horretarako, AEBetako euskaldunez gain, Euskal Herritik etorritako zenbait irakasle gazte ere ari dira bertan lanean: Irati, Ander, Julen, Oihana, Kristobal... eta eurekin batera, bertakoak. Denak ala denak gogotik saiatuko dira gazteek euskal kultura ikasteaz gain, euskal giroaz goza dezaten.
[Monique Heguilustoy Flesher, Udaleku 2013ko mus irakaslea. Jaiotzez Bakersfield-ekoa, Salt Lake Cityn, Utah-n, bizi da eta berttatik etorri da bere seme-alaba Jean-Junes eta Dominikarekin Udalekun laguntzera (argazkia Udaleku 2013)]
[Txistua jotzen Irati irakaslearekin (argazkia Udaleku2013)]
Udaleku 2013ko argazkiak ikusteko jo bere Facebook orrira, hemen. Ia egunero igotzen dituzte argazki berriak!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus