Tres Arroyos, Argentina. Hiriko Hiru Erreka Euskal Etxea antolatzaile, aukera eta baliabide berria daukate Buenos Aires probintzia barnealdeko Tres Arroyos-eko herritarrek pilota argentinarreko modalitatean aritzeko. Izan ere pasa den ekainaren 9tik abian da bertako euskal elkarteak bultzatzen duen Pilota Paleta Eskola. Euskal Etxeak eta Tres Arroyoseko Club Atlético Huracán-ek sinatutako hitzarmen bati esker, "Globo"-ko kirol-instalazioetan abiarazi da kirol honetan hasi eta berau praktikatzeko eskola berria..
Erakundearen hautaketa ez da detaile hutsala, egun Tres Arroyosen kirolgunea den eremu hau, Juan Bautista Istilart-enak (Makea, 1867 - Tres Arroyos, 1934) ziren lurretan kokatzen baita. Bertako eta nazio osoko garapenean izen handia izan zen aitzindari lapurtarra, besteak beste, Argentina osoan ospetsua izan zen sukalde ekonomikoaren asmatzailea izan zen.
Joseba Bilbao Pilota Eskolan ikasle den neska talde batekin
Necocheako Euzko Etxearen sostengua
Ekimenak Necocheako Euzko Etxeko kideen babesa izan du hasiera-hasieratik, tartean, Joseba Bilbao Argentinako txapeldunorde eta selekzio nazionaleko kidearena. Herriko mailan, Tres Arroyoseko Udaleko Kirol Zuzendaritzaren engaiamendua lortu du. Eskolak, Francisco Speranza pilotari eta Gorputz Hezkuntzako irakaslegaiak emango ditu.
Necocheako Euzko Etxeak dohaintzan eman dio zenbait material Eskolari
Aurkezpen ofizialera Joseba Bilbao pilotari necocheatarra eta zenbait goi mailako pilotari bertaratu ziren eta Necocheako Euskal Etxeak bildutako materialak banatu ziren. Eskola berriak paletak, pilotak, betaurreko bereziak eta bestelako osagarriak dohaintzan jaso ditu diziplina praktikatzera hurbiltzen diren neska-mutilek erabil ditzaten. Ekitaldiaren alde zeremoniatsuaren ondotik, kirolariek klinika ikastaro bat eskaini zuten.