euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abian da Lazkaon 'Ateak Ireki': AEBko euskal jatorriko 37 gazte Goierrin, 3 asteko murgilaldian euskal kulturan

2023/06/24

Diasporako gazte estatubatuarrek Euskal Herria bisitatuko dute 3 astez
Diasporako gazte estatubatuarrek Euskal Herria bisitatuko dute 3 astez

PUBLIZITATEA

Lazkao, Gipuzkoa. AEBko euskal jatorriko 37 gaztek ilusioz beteriko abentura bat hasiko dute igande honetan Lazkaon: 3 asteko egonaldia Goierrin, bertako familien etxeetan egonez, bertako ohituren, hizkuntzaren eta kulturaren esperientzia barrutik bizitzeko. Ateak Ireki programak zubiak eraiki nahi ditu Goierriko eta AEBko euskal komunitatearen artean, gazteengan eta gazteen familiak ardatz harturik. Ekainaren 25etik uztailearen 17ra arte egitarau anitza eta erakargarria daukate zain.

Igandean autobus bat joango zaie bila Bilboko aireportura eta Lazkaoko plazara eramango ditu harrera ekitaldirako. Hor euren etxeetan edukiko dituzten familiekin elkartuko dira. Abegikor euren etxe eta familietan onartu dituzten familia hauek Ataun, Olaberria, Lazkao, Beasain, Ordizia, Segura, Zegama, Zerain, Mutiloa eta Zalbidiakoak dira. Gazteei dagokienez, AEBko euskal etxe eta komunitateetakoak dira, gehienak 18 eta 23 bitartekoak, eta leku askotakoak: Fresno, Bakersfield, Salt Lake City, Chino, New York, San Frantziskokoak, besteak beste.

Euskal Herrian eta bertako kulturan murgiltzea

Programa astelehenean hasiko da, Lazkaoko Maizpiden, euskara klaseekin. Partaide gehienak zerotik hasiko dira, salbuespenak salbuespen. Hiru talde sortuko dituzte, bakoitza bi irakaslerekin: bat goizeko klaseetarako, bestea arratsaldekoetarako. Horretaz gain, AEBko bi begirale ere egongo dira, euren adinekoak: Mikaela Goicoechea eta Anne-Marie Chiramberro. Programa, ordea, klaseetatik haratago doa. Eta klaseak ere, propio bideratuko dira egunez egun jorratuko diren gaien eta egingo diren bisiten inguruan.

Bisita ofizial batzuk daude programatuta: Gasteizen Legebiltzarrera joango dira eta Lehendakaria agurtuko dute, baita lurralde bakoitzeko Foru Aldundiak eta Nafarroako Parlamentua ere. Hiriburuez gain, Euskal Herriko leku esanguratsu batzuk ezagutuko dituzte, hala nola Arantzazu, Amaiur eta Gernika. Euskal Herriko ohiturak hobeto ezagutzeko, museoak bisitatuko dituzte, tartean Ataungo Barandiaran Museoa, Igartubeiti Baserria Ezkion, Albaola Itsas Kultur Faktoria Pasaian, Elgorriagako 'Euskal Artzainak Ameriketan' Museoa eta, Bilbon, Euskararen Interpretazio Zentroa, Guggenheim eta Athletic-en Museoa.

Gai bakoitzean adituen eskutik

Programak biltzen ditu baita ere bertsolaritza, euskal dantzak eta sukaldaritza, adituen eskutik eta praktikoki helduz. Euskal kooperatibak eta industria ezagutzeko Irizar kooperatiba bisitatuko dute. Eta izango dute aisialdirako beta ere: bisita sagardotegira, triki-poteoa, ur-kirolak, erromeria... Asteburuak libre izango dituzte, familiekin egoteko. Baina talde-proposamenen bat ere plazaratu da, adibidez Nafarroa Beherera joateko, etorriko diren gazteetako askok bertakoak baitituzte arbasoak.

'Ateak Ireki' ekimen sozialeko programa bat da, Goierritik munduratua, Batzen eta NABO Ipar Amerikako euskal elkarteen federazioaren lankidetzan oinarritua. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza dauka, baita Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiena, eta Nafarroako Gobernuarena ere. Goierriko Udalek ere babesten dute, Goieki Goierriko Garapen Agentziaren bitartez eta gisa bera Maizpide Euskaltegiak eta Irizar konpainiak. Dudarik gabe, aukera paregabea da (AEBko) euskal diasporako gazteek Euskal Herria bertatik bertara ezagutzeko.

- Ikus 'Ateak Ireki'ren programa egunez egun



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia