euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abian da Kaliforniako Chinon 2017ko NABO Udalekua ehun haur eta gaztetxo euskal-amerikar partaide

2017/06/27

Euskal Kultura klasea, taldeetako batekin, atzo Chinoko NABO Udaleku 2017an (arg. EuskalKultura.com)
Euskal Kultura klasea, taldeetako batekin, atzo Chinoko NABO Udaleku 2017an (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Atzo astelehenez hasi zituzten jarduerak. AEBetako zenbait estatuetatik, Kanadatik eta Euskal Herritik etorrita, 10-15 urte bitarteko gaztetxo ari dira datorren asteko ostiralera arte 2017ko NABO Udalekuan partaide. Euskal arloko saio eta klaseak udako ekitaldiekin eta txangoekin nahasiko dituzte; Disneyland bisitatu eta hondartzara joango dira; lagun berriak egingo dituzte; dantzak, euskara, kantuak, jolasak eta gauza gehiago ikasi eta kontent eta malkoak begietan itzuliko dira datorren astean etxera.

Chino, Kalifornia, AEB. Joan den igande arratsaldean hasi ziren iristen Chinora euren lekuetatik. Atzo hasi zituzten klaseak, eta prestatu dieten programa datorren asteko ostiraleraino luzatuko da. 2017ko NABO Udalekun ari dira, Kaliforniako Chino herrian, Los Angelesaldean. 10-15 urte arteko ehun haur pasexe dira, Pennsylvania, Idaho, Nevada, Oregon, Utah, Kalifornia eta Kanadatik etorriak. Euskal Herriko haur bat ere bada, Kalifornian bizi izandako euskaldun baten semea.

Begirale edo instruktoreen artean badituzte bat Chino berekoa, baina gehienak Nafarroatik etorriak dira, Baztandik gehienak,bat Doneztebetik, eta bizkaitar bat ere bada irakasle taldeko partaide. Udalekun, gazteek eskolak dituzte egun guziz, ordu betekoak edo ordu erdikoren bat, eta hor ikasi eta praktikatuko dituzte, esaterako, euskara, pilota. musa, txistua, euskal kultura, kantua eta dantza. Horiek dituzte ikasgai. Eskola estra batzuk ere hauta ditzateke, dantzarako edo txistua jotzeko trebetasuna hobetzeko; edo beste ikasgai batzuk, hala nola sukaldaritza edo euskal mural bat margotzea.

Udaleku bezalako ekimen baten atzean lan handia dago, auzolana, eta aurtengo lanen koordinatzaile Maite Maisterrena ari da, aita lekaroztarra eta ama Kalifornian sortu euskaldunen alaba. Maiterekin ondoan talde polita ari da, Udaleku ez baita posible euskal etxe eta komunitate azkar baten babesik gabe, eta hemen hor dira Chinoko Euskal Etxea eta Southern California Basque Club; hau ez da posible, hainbat familiak euren etxea eskuzabalki utzi gabe, aipatutako ehun gazte horiek euskal familien etxeetan ari baitira lo egiten, eta handik goizero Udalekuko ekintzetara joaiten, gauean berriz etxeratzeko.

Hor dira ere, euren denboraren emaile diren laguntzaileak, bazkariak prestatzen, guztiaren prest eukitzen, haurrak autoz mugitzen...; eta dirua, produktuak eta beste hainbat emaitza doanik edo eurek pagatuta eman dituzten laguntzaileak daude. Eta haurren gurasoak, eta NABO. Guztien artean eraikitzen dute Udaleku, haurrek --euskal komunitatearen geroa-- denbora goxoa pasa dezaten, ikas dezaten eta atxik dezaten bihotzez fier eta bozkarioz euskalduntasunaren lokarria.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia