Euskal Herriko sei gazte izango dira aurten Necochean Hator Hona-ko protagonista eta tailer-emaile. Seiek bizi dute hurbiletik euskal kultura eta jotzen dute instrumenturen bat, edo praktikatzen dute eta partekatu nahi dute sakonago eagutzen duten euskal kulturaren diziplinaren bat. Izan ere, beraiek eskutik emango dira tailerrak Euzko Etxean, tartean musika, dantzak, herri kirolak eta euskara bera. 2017ko Hator Hona joan den asteburuan hasi eta hiru bat astez luzatuko da, abuztuaren 4ra arte, ‘Aitona-amonen jaia’ delakoarekin eta Andra Mari Zuriaren eguneko ospakizunekin bat bukatzeko..
Necochea, Argentina. Urteroko antolaketari jarraituz, uztailaren erdialdera --beraz joan den ostiralean aurtengo kasuan-- iritsi dira Euskal Herriko gazteak Necocheara. Hator Hona truke programa hau bertako neguko eskola-oporretan garatzen da --gogoratu Hego Konoan negua ekainaren 21ean hasia dela-- aktibitateetan ahalik eta jende gehien bildu ahal izateko. Izan ere gazte europar-euskaldunen partaidetzari esker, egunero eskainiko dira tailerrak, euskal etxeko kideentzat ez ezik, komunitate osoarentzat zabalik, doan eta edade guztietako jendeari begira, ekimen honen helburua bertakoen artean, euskal jatorrikoak izanda ala ez, Euskal Herriaren egungo irudia eta kultura tradizionala sustatzea baita.
Tailer-emaileei dagokienez, aurtengo hautatuak Ipar zein Hego Euskal Herritik datoz; zerrenda hauxe da: Ainhoa Basoa Castañeda usansoloarra (Bizkaia), Oier Garmendia Ezponda hernaniarra (Gipuzkoa), Eztitxu Harignordoquy baigorriarra (Nafarroa Beherea), Ainhoa Larrañaga Jaio donostiarra (Gipuzkoa), Iker Tubia Barbería iruindarra (Nafarroa) eta Amaia Usandizaga Arribas astigartarra (Gipuzkoa). Eskolak emateaz gain, Necocheako Euzko Etxeak hiru aste hauetan antolatuko dituen topaketa eta jaietan ere arituko dira. Eguneroko eskola eta tailerrez gain, honako ekitaldietan hartuko dute parte, euren musika, dantza eta euskal animazioarekin. Hauxe da programa:
-Uztailaren 20an, osteguna: Lagunaren Eguna. Iluntzeko 8etan, txikiteoa euskal etxean
-Uztailaren 29an, larunbata: gaueko 10etan, San Inazio eguneko afaria
-Uztailaren 31an, astelehena: 7etan, “Iratzartze Alaia” (Alegre Despertar); 10etan, agurra agintariei; 11etan, lore eskaintza Mariano Necochea generalaren eta Angel Murga-ren omenez; 12etan, omenaldia Gernikako Arbolaren kimuaren oinarrian; 12:15etan, Euskal Etxeko kide hildakoen eta Loiolako Iñaki Deunaren aldeko otoitza Maria del Carmen Parrokian. 12:30etan, txikiteoa euskal etxearen egoitzan
-Abuztuaren 4an, ostirala: arratsaldeko 7etan, euskal etxeko adindunak omentzeko urtero egiten den ‘Aitona-Amonen jaia’: dantzak eta txokolate beroa eta askaria euskal etxean. Gaueko 10etan, Andra Mari Zuriaren eguneko ospakizuna. Afarirako, ohiko baratxuri-salda prestatuko dute necocheatarrek
-Abuztuaren 19an, larunbata: iluntzeko 8etan, dantzaldia eta erromeria Euzko Etxearen egoitzan
Hator Hona programaren berriak Hator Hona Facebook kontuan eta Programaren blogean joango dira eguneratzen