euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abian da 2015eko Euskal Kulturari hitzaldi zikloa Quilmes hiri argentinarreko Pedro Goyena Liburutegian

2015/03/30

Luis Lúquez, Pedro Goyena Liburutegiko presidente Ana Aispuru eta Ariel Ghizzardi programa prestatzen (argazkia Pedro Goyena Liburutegia)
Luis Lúquez, Pedro Goyena Liburutegiko presidente Ana Aispuru eta Ariel Ghizzardi programa prestatzen (argazkia Pedro Goyena Liburutegia)

PUBLIZITATEA

Bigarren urtez jarraian, ateak ireki dizkio Buenos Aires handiko Quilmes hiriko Pedro Goyena Liburutegiak euskal kolektibitateari Euskal Herriaren historiarekin lotura duten hainbat gai plazaratu eta zabaltzeko. 2015eko lehenengo mintzaldia joan den ostiralean izan zen, Luis Lúquez irakaslea hizlari.

Quilmes, Argentina. Urte osoko hitzaldi zikloa eskainiko du aurten ere Pedro Goyena Herri Liburutegiak, hileroko maiztasunarekin. Programa barruan, euskal kulturari buruzko adierazpen kultural anitz garatuko dira, arlo ugaritako adituen eskutik. Hitzorduak hilabete bakoitzaren azken ostiraletan izango dira, arratsaldeko 7etan, egitarau honi jarraituz:

-Apirilaren 24an, Euskal Geologia (Guillermo Villate)
-Maiatzaren 29an, Euskal Itsasketaren historia, lehenengo saioa (Ariel Ghizzardi)
-Ekainaren 26an, Euskal Itsasketaren historia, bigarren saioa (Ariel Ghizzardi eta Luis Lúquez)
-Uztailean, neguko atsedenaldia dela eta ez da hitzaldirik egongo
-Abuztuaren 28an, Iparralde (Carlos Irisarri)
-Irailaren 25ean, Erdi Aroko sorginkeria eta sukaldaritza (Txarito Naya eta Marite Etxegoyen)
-Urriaren 30ean, 1936ko gerra “Inzibila” (Luis Lúquez)
-Azaroaren 27an, Euskaldunak Quilmesen (Chalo Agnelli)

Zikloko lehenengo elkarretaratzeari dagokionez, joan den ostiralean egin zen, hitzaldiaren ardatza, Ternuara iritsi ziren euskaldunak. Aktibitatearen koordinatzaile den Luis Lúquezen esanetan, azaldutako gaia "Cristobal Colon-en aurretik Ternua irlan lehorreratu ziren euskal marinelak izan zen". "Eta horri lotuta, bale-industria, manufakturak, olioa, koipea eta horren deribatuak.  Badakit eztabaidatzeko gaiak direla eta jendeak hartu zuen parte, noski. Nire iturriak, hala ere,  Kanadako Quebec-eko Museotik ateratakoak dira, hor lortutako dokumentuak. Horretaz gain mugimendu honek Argentinan izan zuen eragina ere aipatu zen mintzaldian. Guztira, hogeitabost bat lagun bildu ziren eta hitzaldia bukatutakoan, afaria partekatu genuen”.

Quilmesko Pedro Goyena Herri Liburutegia hiriko San Luis kaleko 948. zenbakian dago.

Informazio gehiago eskuratzeko, jo hona edo idatzi bibliotecapopularpedrogoyena@yahoo.com.ar helbidera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia