euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abiada hartzen ari da New Yorken "Basque Cultural Exchange" ekimena, euskal kulturaren erakuslehio

2012/10/03

Asteleheneko inaugurazio mahai-ingurua, "Gernika, revisited" izenburupean, Joan Ramon Resina, Marijose Olaziregi eta Joseba Zulaika partaide
Asteleheneko inaugurazio mahai-ingurua, "Gernika, revisited" izenburupean, Joan Ramon Resina, Marijose Olaziregi eta Joseba Zulaika partaide

PUBLIZITATEA

Urriaren lehenetik, aurrera ari da New Yorken "Basque Cultural Exchange", Etxeorratzen Hiriko publikoari Euskal Herria eta bere kultura garaikidearen ekarpenen haritik elkarrekin zenbait gogoeta egitea proposatzen dion ekimena, Etxepare Euskal Institutua antolatzaile eta kultur erakunde honek iaz New Yorken estreinatu zuen Bernardo Atxaga katedraren eskutik. Astelehenean zabaldu zituen ateak katedraren aurtengo edizioak, ondoren mahai-ingurua egin zelarik "Gernika, revisited" gaiaz. Ekitaldiak urriaren 13ra arte segituko dute City University of New York-en (CUNY), New York University-n (NYU), Anthologhy Film Archives-en eta New Yorkeko Cervantes Institutuan. Gaur 'The Bombing of Gernika' erakusketa zabalduko dute.

New York, Estatu Batuak. New York University (NYU) Unibertsitateak gaur arratsaldean estreinatuko du The Bombing of Gernika. The Exhibit izeneko erakusketa, bonbardaketako irudiak bilduz, ekitaldian Amaia Arberas soprano donostiarrak emanaldi labur bat eskainiko duela. Abenduaren 17ra arte egongo da zabalik erakusketa hau NYUn.

Basque Cultural Exchange joan den astelehenean hasi zen, CUNYko Bernardo Atxaga katedrako bigarren urte honetako lehenengo saioaren ondotik, goizez, mahai-ingurua egin zenean arratsaldez NYUn Gernika, revisited (Gernika berriro bisitatuz) gaitzat harturik, Marijose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendaria moderatzaile, eta hizlari Standfordeko Unibertsitateko Joan Ramon Resina eta Nevada-Renoko Center for Basque Studieseko Joseba Zulaika. Gernikaren ondareaz eta sinbologiaz aritu ziren jende ugari bildu zuen sarrera libreko ekitaldian, entzuleen partaidetza biziarekin.

Gernikari buruzko gogoeta

Mahai-inguruaren helburua, Olaziregik azaldu zuenez, “Gernikako bonbardaketaren eta gaur egungo bere esanahiaren inguruan hausnartzea” izan zen. Bizkaiko herriaren aurkako erasoari buruz, Joan Ramon Resina irakasle gonbidatuak adierazi zuen, “Gernikaren berezko garrantzia erasoan erabilitako baliabideen naurrigabetasunaren eta lortu nahi zen asmoaren arteko aldean datza” eta bertan emandako gertaeren gaineko “manipulazioa” ere nabarmendu zituen.

Ekitaldia benetan arrakastatsua izan zen eta New York University-ko aretoan ehun lagunetik gora elkartu ziren. Jo Labany New York Universityko KJCC Center-eko irakasle eta zuzendariak Basque Cultural Exchange-n parte hartzea “ohore bat dela azpimarratu zuen” elkartutako jende guztiaren aurrean, eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako “programa kultural harrigarria” goraipatu zuen.

Urriaren 13ra arte luzatuko diren jardunaldiak New Yorkeko sona handiko lau gunetan burutuko dira: City University of New York (CUNY) --bertan du egoitza Bernardo Atxaga katedrak--, New York University (NYU) --bertan dago KJCC delakoa, King Juan Carlos Center--, Anthology Film Archives eta New Yorkeko Cervantes Institutua.

Lau izango dira baita ere programak jorratuko dituen gai nagusiak: euskal zinemagintza, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena,' Gernikako ikurretik gaur egungo ikonoetara' gaiari buruzko hausnarketa eta euskal kantagintzaren historiaren gaineko begirada. 

Euskal zinemagintza

City University of New Yorkeko (CUNY) Graduate Center-en baitan bere bigarren urteari ekin dion Bernardo Atxaga Katedrak saioak astelehen goizean abiatu ondoren, aste osoan zehar garatuko ditu edukiak, aurtengoan Euskal Historia eta Zinemagintzaren aztergai, unibertsitateak berak hala eskatuta. Etxepare Institutuko Marijose Olaziregiren esanetan, bi gai horiek uztartzeko Joxean Fernandez irakasle egokiena izango zela ikusi zuten, berau Euskadiko Filmategiko zuzendaria eta Historia Garaikidean eta Zinemaren Historian aditua izateaz gain, Nanteseko Unibertsitateko irakasle titularra ere badelako.

Fernandezen ekarpena eta Euskal Filmategiaren partaidetza ezinbestekoak izan dira Anthology Film Archives kultuzko filmategian urriaren 6tik 9ra bitartean eskainiko den Gerra Zibila Euskal Herrian gaiaren inguruko zikloa antolatzeko. Honako filmeak eskainiko dira: El árbol de Guernica (Fernando Arrabal, 1975), Guernica (Robert Hessens & Alain Resnais, 1950), La buena nueva (Helena Taberna, 2008), Lauaxeta (J.A. Zorrilla, 1987), Los niños de Rusia (Jaime Camino, 2001), Vacas (Julio Medem, 1992). Gainera, Tabernaren filma Joxean Fernandezek berak eta Iker Ganuza ekoizleak aurkeztuko dute.

Erakusketa, abendurarte

New Yorkeko Cervantes Institutuan ere euskal zinema ikusi ahal izango da, Imanol Uribe zinemagileari eskainitako emanaldi berezi bat izango baita bertan urriaren 5ean. Hor, Uriberen Miel de Naranjas (2011) bere azken pelikula emateaz gain, Haika Mutil (1997) dokumentala ere eskainiko da, Mikel Laboa musikariaren soslaia egite duen lana. Uribek zuzendutako lan honen gidoigilea Bernardo Atxaga izan zen eta argazki-zuzendaria, berriz, Javier Aguirresarobe.  Emanaldian Imanol Uribe bera ere izango da eta solasean ariko da CUNYko irakasle eta euskal zinemagintzan aditu Paul Julian Smithekin batera.

Anthology film Archives filmategian emango den zikloak, urriaren 1ean New York University-n (NYU) burutu zen Gernika Revisited mahai-inguruarekin eta gaur iluntzean The Bombing of Guernika. The Exhibit izenburupean zabalduko den erakusketarekin, NYen egoitza ezarria duen Amaia Arberas soprano donostiarraren emanaldia barne, "Basque Cultural Exchange" jardunaldiok Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratzeko programa osatzen dute.

Gernikatik egungo euskal ikonoetara

Bigarren gai batek indarrean dauden euskal ikonoak aztertuko ditu. Kultura  eta enpresa munduan ematen den internalizazioa eta euskal ikurren etorkizuna mahaigaineratuko da aztergai datorren asteko ostegunean, urriaren 11n, New Yorkeko Cervantes Institutuan egingo den 'Euskal ikonoak munduan' izenburu hartu duen mahai-inguruan. 

Mundu mailako zabalkundea ordezkatzen duten hiru partaide izango ditu: Mikel Urmeneta Kukuxumusu enpresako sortzaile eta zuzendari artistikoa, José Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria eta Mikel Lezamiz Mondragon Korporazioko zabalkunde kooperatiborako zuzendaria. New Yorkeko Cervantes Institutua zuzentzen duen Javier Rioyo idazle eta kazetaria ariko da moderatzaile lanetan.

Itxiera euskal kantagintza errepasatuz

Jardunaldion azkeneko egunean, Mikel Laboaren Baga biga higa kantuaren izena hartu dute Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta euskal musikariek euren multimedia kontzertuari izenburua emateko. Kultur transmisioa eta euskal musikagintzaren historia, erreferenteak eta zaletasuna sustatu nahi duen egitasmoa da eta euskaraz abestutako musikaren historiaren gaineko begirada proposatzen du. Urriaren 13an eskainiko dute New Yorkeko Cervantes Institutuan.

Hainbat erakunderen laguntza izan du Etxepare Euskal Institutuak New Yorkeko ekimen hau gauzatu ahal izateko, hala nola, Euskadiko Filmategia, Eusko Jaurlaritzaren New Yorkeko Ordezkaritza, CUNY, NYU, New Yorkeko Cervantes Institutua, Anthology Film Archives, Spain Culture New York, ICAA, Euskadi 2012, eta Eusko Jaurlaritza bera.

-Jardunaldiotako programa osoa, hemen
-Etxepare Euskal Institutuaren webgunea: www.etxepareinstitutua.net



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia