euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aberri Eguneko ospakizun hunkigarria New Yorkeko Eusko Etxean: 'Euskal Herri txiki bat dago hemen' (Kirmen Uribe)

2007/04/19

Aberri Eguneko bazkaria joan den apirilaren 8an, New Yorkeko Eusko Etxearen egoitzaren baitan
Aberri Eguneko bazkaria joan den apirilaren 8an, New Yorkeko Eusko Etxearen egoitzaren baitan

PUBLIZITATEA

New Yorkeko Eusko Etxeak ehun bat bazkide eta lagun bildu zituen joan den apirilaren 8an elkartearen Brooklyngo egoitzan, Aberri Eguna ospatzeko asmoz. Bertaratu zirenen artean Bizkaiko gazte talde bat eta Kirmen Uribe poeta izan ziren, azken hau egunotan AEBtan egiten ari den aurkezpen biran tartetxo bat eginez. Idazle ondarrutarrak poesi batzuk irakurri zituen eta artez deskribatu zuen Eusko Etxean bizitako giroa: 'New Yorken badago Euskal Herri txiki bat'.
New Yorkeko Eusko Etxeko bazkide eta lagunak elkartearen Brooklyngo egoitzan bildu ziren joan den apirilaren 8an Aberri Eguna ospatzeko. Eguneko egitaraua eguerdiko 13:00tan hasi zen, Iosu Iriondok, Bronxeko gotzainak, eman zuen mezarekin. Ondotik jaian parte hartu zuten ia ehun lagunak elkarteko tabernan bildu ziren, han prestatutako pintxo sorta ederra dastatzeko. Jarraian elkarteko bazkide eta gonbidatuak mahairatu eta Iñaki Lete eta bere emazte Lucy prestatutako bazkariaz gozatu zuten. 'Aurten bazkaria lehen solairuan egin dugu, bigarrena alokatu egin dugulako. Lekua txikiagoa da baina goxoagoa ere egin zitzaigun', aitortu dio BasqueHeritage.com-i Eusko Etxeko lehendakariak, Itziar Albisuk.

Bazkalostea irrintzi eta euskal kantuek alaitu zuten, 'giro ezinhobean'. Euskal produktuen hiru otar eta Tia Pol jatetxean afaria zozketatu ziren. Ondotik Kirmen Uribek eta Elizabeth Macklin poeta eta itzultzaileak bi poema irakurri zituzten eta Eusko Etxeko lehendakariak hitzalditxo bat eman zuen. Jaia goizalderarte luzatu zen eta Albisuren esanetan 'egun zoragarria' izan zen. [Ezkerreko irudian tabernan dastatu ahal izan zen pintxo sorta ikusgarria (argazkia EuskoEtxeaNY)]


Lotura interesgarriak

Eusko Etxea of New York, NY (erakundea)
www.newyorkbasqueclub.com

Eusko Etxea of New York, NY (berriak eta informazio orokorra)
www.eeny.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia