Programa berezia garatu zuten Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeko lagunek joan den asteburuan euren jai nagusiaren 10. edizioa ospatzeko. 2016ko Aberri Eguneko Dantzari Topaketan, danborrada eta dantzak ez ezik, zuzeneko musika euskal-argentinarra Maral taldearen eskutik eta ‘Paella Erraldoiaren showa’ izeneko proposamen gastronomiakoa ere jaso zituzten gonbidatuek. Apirilaren 2a izanda, Malvina Irletako gerrako beterano eta hildakoak gogoratu ziren.
Cañuelas, Argentina. Hasieran gehiegi ohartu gabe zertan sartzen ari ziren baina antolatzaileen partetik engaiamendu eta ahalegin handiz Argentinako euskal egutegiko hitzordu nagusietako bat bihurtu da hamarkada honetan Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxearen Aberri Eguneko Dantzari Topaketa. Proposamena sinplea da: gazteei biltzeko, euskal dantza alorreko emaitzak erakusketako eta ondo pasatzeko aukera eta esparru bat eskaintzea. Ez da berez gauza handirik behar hori lortzeko: antolaketa lana eta leku egoki batean, giro eta anfitrioi abegikor eta atseginak. Eta hori da Cañuelasko Euskal Etxean gazteek aurkitzen dutena. Eta horregatik eta urtez urte ‘baietz’ esan diete Denak Bat-eko lagunek eginiko proposamenari.
Hamar euskal etxe izan dira aurtengo edizioko dantzaldiaren protagonistak joan den larunbat-igandean, tartean:
- La Platako Euzko Etxea
- Pergaminoko Lagun Onak
- Chascomuseko Zingirako Euskaldunak
- Jose C. Pazeko Toki Eder
- Chacabucoko Guillermo Larregui
- Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak
- Buenos Airesko Laurak Bat
- Lomas de Zamorako Denak Bat
- Rosarioko Zazpirak Bat
- Cañuelasko Denak Bat
Guztira ehundik gora dantzari.
Dantza emanaldia, ordea, jai programako nagusia, baina hala ere beste zenbait ekintzaen arteko bat baino ez zen izan. Festa Donostiako danborradarekin hasi zen (Ikus hemen), larunbat arratsaldean, eta Paella Erraldoi batekin bukatu zen, igandean, eguerdia pasata. Bien artean, Maral taldearen eta Daniel "Jopo" Galfredoren errezital eta erromeriaz eta Etxeko Abesbatzaren kontzertuaz ere gozatu ahal izan zuten bildutakoek.
Apirilaren 2a
Malvina Irletako gerrako beterano eta hildakoak gogoratzen dira Argentinan apirilaren 2an. Cañuelasko Denak Bat-en bildu zirenek bat egin zuten herrialdean zehar egin ziren zeremoniekin eta omenaldi bat egin zieten Argentina eta Britainia Handiaren artean 1982an izandako gerrako beterano eta hildakoei. Maral taldeak musika jarri zion hainbat dantzarik dantzatutako Aurresku bati. Momentua oso berezia izan zen, bildutakoen artean, Malvinetako beterano den Raul Grillo baitzegoen, Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeko dantzari eta oso kide aktiboa bera.