euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aberri Egunaren eta Gernikako Bonbardaketaren oihartzuna Rosario, Cordoba eta Jose C. Pazeko EEetan

2012/05/10

Rosario, Cordoba eta Jose C. Pazeko euskaldunek Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketa urtemuga ospatu zuten (argazkiak EE)
Rosario, Cordoba eta Jose C. Pazeko euskaldunek Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketa urtemuga ospatu zuten (argazkiak EE)

PUBLIZITATEA

Euskaldunontzat garrantzi handikoak diren bi data ospatu dira Argentinako euskal etxeetan joan den hilabetean eta oraindik ere heltzen ari zaizkigu erredakziora ekitaldi horien berriak. Rosario, Cordoba eta Jose C. Paz-eko euskal etxeetan ere egin dira ekimenak Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemuga ospatzeko: tabernak, dantzak, hitzaldiak eta komunitateari begirako ekintzak herrietako plazetan. Hona hemen Zazpirak Bat-ek, Gure Txokoak eta Toki Eder-ek apirilaren antolatutako ospakizunen kronika laburtua.

Rosario, Argentina. Erakundearen mendeurrenaren urtean, taberna jendetsu batekin ospatu zuten Rosarioko euskaldunek 2012ko Aberri Eguna. Afarian gonbidatuek Alicia Igarzabalek eta bere taldeak prestatutako ‘menu ederra’ dastatu ahal izan zuten. Baina apirilaren 21ean Alicia Igarzabalek jasotako zorionak ez ziren soilik sukaldari aparta izateagatik izan. Izan ere, Aberri Eguneko topaketan euskal etxeko alkate berri hautatu zuten Zazpirak Bat-eko lagunek Igarzabal andrea, elkarteko lehendabiziko emakumezko alkatea bihurtuz.

Afariaren baitan Enrique Otaño lehendakariak egunari lotutako hitzak zuzendu zizkion bildutako jendeari: “Aberri Egunean euskaldunen eskubide historikoak behar ditugu gogoratu, baita zazpi herrialdeetan erabakitzeko gure eskubidea ere”, aldarrikatu zuen Otañok. Ondoren, 2012ko Euskal Astea aurkezten duen bideoa proiektatu zen. Erromeria ordu txikiak arte luzatu zen euskal dantzekin.

Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketa 2012 01

[Jorge Martinez Ramseyer artista plastikoak hitzaldia eman zuen Picassoren Guernicaz Zazpirak Bat euskal etxean (argazkiaEE)] 

Apirilaren 26an, berriz, Gernikako bonbardaketa ekarri zen gogora Parana ibaiaren ertzean dagoen hirian. Ekimenak goiz-goizean hasi ziren Banderaren Monumentu Nazionalean. Udal Kontseiluak gonbidaturik, Zazpirak Bat-eko kideak bertaratu ziren Vasallo jauregira Rosarioko Giza Eskubideetako Batzordeak aurkeztutako proiektuaren irakurketaren lekuko izatera. Horrela dio irakurritako testuak: “Rosarioko Udaleko Kontseiluak, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenean, 1936an gertatutako sarraskia gaitzesten du”. Segidan, eta euskal gizataldearen izenean, Roberto Bereciartua Gernikako Bonbardaketaz mintzatu zen.

Omenaldiek iluntzean jarraitu zuten, oraingoan Mitre kale eta Sabino Arana-Goiri pasaiaren artean dagoen Gernikako Enparantzan. Hor lore sorta bat utzi zen haritzaren oinarrian eta ondoren euskal etxeko egoitzan bildu ziren lagun guztiak Jorge Martinez Ramseyer artista plastikoak eskainitako Picassoren Guernica lanari buruzko erakustaldian parte hartzera.

Cordoban ere bai

Cordobako Gure Txokoa euskal etxeko lagunak ere bildu ziren Aberri Eguna ospatzeko. Hauek Juan Bengoecheak eta Rosa Maria Irazustak prestatutako ‘paella eder’ batez gozatu ahal izan ziren. Hiriko beste kolektibitate batzuek lagundu zituzten euskaldunak egun honetan, tartean gizatalde suitzar-valesanak eta kataluniarrak. Cordobako Kultu eta Kolektibitateen azpizuzendaria ere bertaratu zen elkarretaratzera eta euskal etxeko agintariekin batera elkarren arteko ekintzak eta lanak egitea adostu zuten. ‘Cordobatarrak’ taldeko dantzariek alaitu zuten topaketa euren koreografiekin.

Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketa 2012 03

[Gure Txokoa-koak Aberri Eguneko bazkarian (argazkiaEE)]

Gernikako Bonbardaketari dagokionez, 75. urtemugaren hilabetean iragarri zuten Gure Txokoa-ko euskal etxekoek, hiriko Udal, Natur Zientzietako Museoa eta Cordobako Unibertsitatearekin batera, Gernikako kimua dagoen plaza zaharberritzen ari direla. Berdegunean, Obispo Salguero eta Poeta Lugones kaleetan dago kokatuta eta aipatutako erakundeei esker, duela aste batzuk kartel eta seinaleztapen berria agertzen ditu.

Jose C. Paz-eko Toki Eder-en

Lagun ugari bildu dira Buenos Aires probintziako Jose C. Paz-eko euskal etxera ere Aberri Eguna ospatzeko. Herri honetako euskaldunek bazkari bat antolatu zuten eta bazkariaren baitan Lidia Lucia Lechardoy Etcheberry kultur koordinatzaileak hitz hunkigarriak esan zituen euskaldunen herriaren egunari buruz. Etxeko dantzariek protagonismo handia izan zuten ospakizunean. ‘Gure Talde Alai’ taldeko Valeria Vallejok ‘Agurra’ dantzatu zuen eta gero talde osoak ‘Fandango’, ‘Arin Arin’, ‘Kuadrile’ eta ‘Txulalai’. Toki Eder-eko arduradunek jaiaren giroa aprobetxatu zuten etxeko niki bat zozkatzeko. Arratsalde osoa igaro zuten betiko kide eta kide berriek euskal etxean, mahaiburukoaz eta kafeaz gozatzen.

Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketa 2012 02

[Bazkaldu eta gero arratsalde osoa pasatu zuten Toki Eder-eko kideek euskal etxean (argazkia EE)]

Maiatzaren 6an, ostera, eta San Miguelgo San Pedro Claver kaperan, euskal etxeko hildako kide eta Gernikako biktimen omenean meza antolatu zuten Jose C. Paz-eko euskaldunek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia