euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aberri Egunak oihartzunik izan zuen Mexiko hiriburuan, Cancunen eta Celayan egin ziren ospakizunetan

2008/03/27

Mexikoko Euskal Etxean egin zen bazkarian parte hartutako mahaietako bat (argazkiak Mexiko EE)
Mexikoko Euskal Etxean egin zen bazkarian parte hartutako mahaietako bat (argazkiak Mexiko EE)

PUBLIZITATEA

Aberri Eguna Mexikoko euskaldunen artean itzal handia duen ospakizunetako bat da. Aurten ere jai honek hiriburuko Euskal Etxeko kideak bildu zituen eta baita Cancun eta Celaya hirietako euskaldunak ere. Hiru jaiak arrakastatsuak izan ziren, eta Celayakoan gainera euskaldunen arteko harremana sendotu eta urtean zehar bilkura gehiago antolatzeko erabakia hartu zuten. Hasteko, datorren urteko Aberri Eguneko egoitza Irapuato herrian izan daitekeela aurreratu dute.
Hiriburuko Euskal Etxean, joan den igandean egin zuten Aberri Eguneko bazkaria eta elkarteko kide eta lagun multzo bat bildu zen bertara, nahiz eta opor aldia izan Mexikon. Jaia aperitifarekin hasi zen, bertaratutakoen arteko futbolzaleak telebistaz partidak ikusten zituzten bitartean. Ondoren elkartearen frontoian bazkaria egin zuten, Juan Jose Arrieta, Rotsen Castro eta Luis Migel Zugarramurdi sukaldariek prestatuta.

Eguneko une politenetako bat postrearekin batera heldu zen, zortzi urte betetzen zituen Arantxa Zugarramurdi gazteari urtebetze tarta atera ziotenean. Elkarteko kideek 'Zorionak Zuri' abestu zioten eta Arantxak pozez gainezka putz egin zuen kandelak itzaltzeko.

[Goiko irudian Arantxa Zugarramurdi gaztea tartako kandelak itzaltzen]

Bazkalostean elkarteko lehendakari Gotzon Uribek hitz batzuk egin zituen eta 'Gernikako Arbola' kantatzeko gonbitea luzatu zien bertaratutakoei. Iparragirreren ereserkiaren ondoren Juan Jose Arrietak 'Aitorren hizkuntz zaharra' jo zuen eta elkarteko lehendakariordeak, Miguel Larreguik, Nafarroan prestatzen ari den La sucesión testamentaria en Navarra y el Estado de México tesiari buruzko mintzaldi laburra eman zuen. Jaiak berandu arte iraun zuen, musika, mus partidak eta haurrentzako jokoekin.

[Euskal Etxean egin zen Aberri Eguneko bazkariko irudia]

Jaia Cancunen

Aberri Eguneko beste jai mexikar bat Cancunen egin zuten bertako euskaldunek, Jokin de Luisaren etxean. Menua honakoa izan zen: zizka-mizkak, entsalada, haragia eta Rib Eye Francisco Eguiak prestaturiko saltsa berezi batekin. Bazkalostean 'Eusko Gudariak' eta 'Gernikako Arbola' abestu zituzten bertara bildu zirenek eta Alex Eguia-Lisek eta Jokin de Luisak Argentinako Diasporatik igorritako mezua irakurri zuten. Sentsibilitate politiko desberdinetako lagunek sinatzen zuten adierazpena eta bertan, ahaleginak batzearen garrantzia azpimarratzen zen. Adierazpenak euskaldunen artean eztabaida aberasgarria sortu zuen.

[Cancunen iaz egin zen Aberri Eguneko argazkia]

Bilera gehiago Celayan

Urtero egiten duten legez, Celaya, Queretaro, Tequisquiapan, Morelia, Irapuato, Leon, San Luis Potosí eta Lagos de Moreno inguruko euskaldunak ere Aberri Eguna ospatzeko bildu ziren joan den igandean. Oraingoan ezin izan zuten bilera Celayako Arrano Beltza elkartean egin eta hiritik 12 kilometrotara dagoen arrantxu eder batean egin zuten. Bidea ikurrinekin apaindu zuten eta 80 bat lagun bildu ziren bertara.

Bertaratu zirenei freskagarriekin eta tortilla eta txistorra pintxoekin egin zieten harrera. Gero bazkaria eta Gracian Etcheberryk prestaturiko postrea etorri ziren. Bazkalostean Argentinar Diasporatik bidalitako Aberri Eguneko mezua irakurri zuten eta bildutakoek datozen hilabeteetan bilerak sarriago egiteko erabakia hartu zuten. Gainera Irapuato herriko taldea hurrengo Aberri Egunaren antolakuntzaren ardura hartzeko bolondres aurkeztu zen.


Lotura interesgarriak

Mexiko DFko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Vascosmexico webgunea eta posta zerrenda
www.vascosmexico.com

Iazko Aberri Eguna Errepublika Mexikarrean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 11an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia