Habana, Kuba. Gaur astelehenetik hasita eta iganderaino, Aberri Eguna dela-eta, Habanako Euskal Astea antolatu du Habanako Euskal Etxeak. Asteko ekitaldietako lehena gaur egingo da, igandean, Aberri Eguna ospatzeko ekitaldi jendetsu batekin amaitzeko (250 bat jende espero dira Herriekiko Adiskidetasun Etxean egingo den festan), EuskalKultura.com-i elkarteko lehendakari Renato Garcia Egusquizak adierazi dionez.
Euskarari gorazarre egingo zaio astean zehar. Gaurkoan, Euskara Ikasgela, festa euskara ikasleekin. Arratsaldeko 6etatik aurrera izango da, elkartearen behin-behineko egoitzan, Mokadu batzurekin, zintzur-bustitzea egingo da, euskal musika lagun.
Astearte eta asteazkenean, euskal etxeko areto-futbol taldeak lagunarte partidak jokatuko ditu inguruko beste hiru talderekin. Egun "Vasco-Navarra FC" izena duen taldeari izena aldatzekotan dabiltza Habanako euskaldunak, Euskeria izen historikoa berreskuratzeko, bigarren izen honekin jokatu baitzuen XX. mende hasieran Kuban bertako talde euskaldunetako batek.
Ostiralean, hitzaldia euskararen inguruan, aita Txema hizlari "Euskara, herrialde baten identitate" izenpean, arratsaldeko 4:30etan.
Larunbatean, arratsaldeko 4etan Mus txapelketa egingo da eta senidetasun afari bat.
Igandean, Aberri Eguna ospatuko da, Herriekiko Adiskidetasun Etxean (ICAP, Instituto Cubano de la Amistad con los Pueblos), Vedado auzo ezagunean, 250 partaide espero direlarik, horien artean egunotan irlan dabiltzan Euskal Herriko 50 bat euskaldun. Ospakizuna Korrika batekin hasiko da, 11:30etan Agurra dantzatu eta egunaren aurkezpen bat egin ondoren. Korrikako partaideen artean, 75 eta 80 urteko euskal-kubatarrak ere arituko dira tipi-tapa euskararen alde, elkartekideekin eta gonbidatuekin batera, komunitateko gaztetxoenak ere tarteko.
Egunean zehar argazki erakusketa bi egongo dira ikusgai, bat "Euskaldunak Kuban, atzo, gaur eta bihar" izenpean; eta bigarren bat Euskal Herriko egungo argazkiekin. Horrekin batera, dokumentalak emango dira. Herri bazkariak, musika, bertso, kantu eta dantzak beteko dute eguna.
Habanako Euskal Aste hau, Habanako Euskal Etxea --ofizialki Asociacion Vasco-Navarra de Beneficencia de La Habana du izena, 1870eko hamarkadan sortua-- izaten ari den berpizkunde prozesuaren baitan ari da antolatzen 2012an zuzendaritza berritu eta egungo taldeak gidaritza hartu zuenetik, Renato Garcia Egusquiza lehendakari berri.