euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aberri Eguna ospatzeko era berriak Diasporan: bakarrizketa komikoak NY-en eta mendi ibilaldia Txilen

2011/04/29

Aberri Egunak ikurrinaren koloreekin bete zuen dena, New Yorkeko emakume honen azazkalak ere bai (argazkia Koitz)
Aberri Egunak ikurrinaren koloreekin bete zuen dena, New Yorkeko emakume honen azazkalak ere bai (argazkia Koitz)

PUBLIZITATEA

Aberri Egunaren ospakizunak, ohi bezala, oihartzun zabala izan du Diasporan. Aurten, gainera, zenbait euskal etxek proposamen berri eta originalekin ospatu dute jaia. New Yorkeko Eusko Etxean, adibidez, barre galantak egin zituzten Ruth Guimerá antzezlariak euskaraz eskaini zuen bakarrizketarekin: 'Euskal marketina' zuen izenburua lanak. Txilen, Santiagoko Gure Etorkia elkarteak San Nicolas muinora igoera antolatu zuen eta ezusteko ederra izan zuen, gainera: azken orduan txistulari espontaneo bat bildu zitzaien, ekitaldiaren berri EuskalKultura.com-en bitartez jakin ondoren, berak aitortu zienez.

New York, AEB/Santiago, Txile. Aberri Egunaren ospakizunak ia ehun lagun bildu zituen New Yorkeko Eusko Etxean egin zen jaian. Bertaratu zirenek pintxo dastaketa batekin hasi zuten besta. Ondoren musika eta kultur ekitaldiak izan ziren, tartean Ruth Guimerá antzezlari donostiarraren bakarrizketa, eta eguna bukatzeko afaria eta dantzaldia egin zuten NYko euskaldunek.

Jaiaren une gogoangarrienetako bat Ruth Guimerák eskaini zuen bakarrizketa komikoa izan zen. 'Euskal marketina' lanarekin barrez lehertu beharrean izan zituen ikusleak, adi-adi. "Jendea euskara ikasten erakartzeko estrategiak proposatzen ditut, eta euskarak dituen abantailak azaltzen ditut. Gero slogan batzuk ere proposatzen ditut umore eta ironia askorekin", azaldu dio EuskalKultura.com-i Guimerák.

Aberri Eguna Nueva York 2011 (3)

[Ruth Guimerá bere emanaldiaren une batean, NY-eko Aberri Egunean (argazkia Koitz)]

Bakarrizketa honek Korrika 17ren Euskalaketa lehiaketa irabazi zuen berriki Donostian. Guimerák Korrikarekin harreman estua du... bereziki New Yorkeko Korrikarekin. "Aurreko Korrikan nik eraman nuen lekukoa lehen aldiz NY-en. Oso berezia izan zen niretzat, historikoki egun handia izan bait zen New Yorkeko euskaldunentzat", azaldu du.

Emanaldia eskaintzeaz gain, jaiaz gozatzeko aukera ere izan zuen antzezlariak. "Giro ederra izan zen. Kantu zaharrekin jan genituen pintxoak, Mikel Laboarekin afaldu, eta, jende heldua joan zenean, La Polla Records eta Itoizekin hustu genituen azkeneko ardo botilak gazteok".

Aberri Eguna Nueva York 2011 (1)

[Eusko Etxeak Aberri Eguneko jaian zuen itxura (argazkia Koitz)]

Ruth Guimerá ART Off-Off Broadway taldeko kidea da eta maiatzean New Yorkeko The Living Theatre aretoan ariko da. 

Mendi txangoa eta txistulari espontaneoa Santiagon

Txilen, Santiago hiriko Gure Etorkia elkarteak San Nicolas muinora irteera antolatu zuen Aberri Eguna ospatzeko. Goizeko bederatzietan bildu ziren elkarteko kideak mendixkaren magalean, ikurrina eskutan eta euskal jantziak soinean. Bertan, azken orduko gonbidatu bat bildu zitzaien. "Sekulako ezustekoa izan genuen abarka eta txapelarekin jantzitako txistulari bat agertu eta euskaraz bere burua aurkeztu zuenean", azaldu digu elkarteko Raimundo Riquelmek. "Angel 'Gotzon' Espinoza zen, ekitaldiaren berri EuskalKultura.com-en bidez jaso zuen txiletar bat". Gotzon Nafarroan bizi izan da hamar urtez, eta bertan ikasi zuen txistua jotzen.

Aberri Eguna 2011 Gure Etorkia (1)

[Ikurrina mendIgoizale txiletarrei animoak ematen (argazkia Gure EtorkiaEE)]

Aberri Eguna 2011 Gure Etorkia (2)

[Txistularia eta dantzariak aldapan gora (argazkia Gure EtorkiaEE)]

Txistuaren doinua lagun, kideak martxa hasi zuten eta 40 minuturen buruan heldu ziren tontorreko Euskal Enparantzara. Han, lorez osaturiko ikurrina baten eskaintza egin zuten eta Gotzonek 'Ikusi mendizaleak' eta 'Eusko gudariak' kantuak jo zituen txistu eta danbolinarekin. Ondoren, mendizaleek Berpizkunde Igandeko meza entzun zuten. Mezaren ostean, Raimundo Riquelmek ongi etorria eman zien kide eta ikusleei eta Maitane Uribek eta Mikel Zuloagak ohorezko aurreskua dantzatu zuten.

Aberri Eguna 2011 Gure Etorkia (3)

[Angel 'Gotzon' Espinosa txistulari txiletarrak dantzan jarri zituen Gure Etorkiako kideak Euskal Enparantzan egin zen eskaintzan (argazkia Gure EtorkiaEE)]



Komentarioak

  • millalonco

    Angelito lindo!!!! poeta y musico .... y amigo incondicional, te quiero con el alma.. exitos!!!! ( si te volves famoso segui queriendo igual)

    ROSALIA MARINI, 2011/04/30 13:37

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia