Aberri Eguna ospatu dute Habanan, Caracasen, Sydneyen eta Miamin; asteburu honetan Diasporako hainbat lekuetara zabalduko da festa
2015/04/09
Miamiko Euskal Etxeko kide eta lagunek paellatzar hau dastatu zuten Aberri Eguneko piknikean (argazkia Miami EE)
PUBLIZITATEA
Iragan igandean ospatu zen Aberri Eguna, eta urtero bezala, Diasporako euskal etxeek bat egin zuten festa esanguratsuarekin. Horrela gertatu zen, esaterako, Habanan, Caracasen, Sydneyn, New Yorken eta Miamin. Beste zenbait lekuetan, aldiz, asteburu honetara atzeratu dute festa: Santiago, Montreal, Olavarria, Villa Maria, Cordoba eta Las Vegas. Eta apirilaren 17an, Rio Cuartok itxiko ditu ospakizunak. Jarraian, asteburuan egin ziren festen argazkiak eta bideoak.
Donostia-San Sebastián. Pizkunde igandean ospatzen da Aberri Eguna, eta Diasporako euskal elkarte askok bat egin zuten festerekin iragan igandean, nahiz eta beste zenbaitek datorren asteburuan ospatuko duten. Pasa den igandean bildu ziren, esaterako, Caracaseko Euskal Etxeko kideak. Elkartearen festarik nagusienetakoa da Aberri Eguna, eta 1939az geroztik --aurreneko erbesteratuak heldu zirenetik-- urtero urtero hutsik gabe ospatu da.
Caracaseko festa Aita Miguel Odriozolak eman zuen meza elizkizun batekin hasi zen. Ondoren ikurrinari eta venezuelar banderari omenaldia egin zioten eta jarraian pilota partidak jokatu ziren frontoian. Eguna amaitzeko, afaria egin zuten, Maria Teresa Ballatori Arteaga eta Clever Ramirezen taldeak prestatuta.
New Yorken, Euzko Etxeak lagun asko bildu zituen egoitzan egin zuten afarira, eta gau osoa 3 minutuko bideo honetan bildu dute:
Hegoalderago, Floridan, Miamiko Euskal Etxeak pinnika egin zuen laku aldean eta 150 bazkide eta lagun bildu ziren hara. "hainabt lekuetako lagunak izan ditugu: Argentina, Kolonbia, Guatemala, Nicaragua, Mexiko, AEB, Kuba, Txile, Salvador, Venezuela, Peru, Euskadi eta iberiar penintsulako hainabt komunitateko kideak ere (Galicia, Asturias, Katalunia, Gaztela, La Mancha, Andaluzia eta Levante). Egun ederra izan zen; janaria, edaria, eguraldi ona eta lagunak, zer gehiago eska daiteke!", esan dio EuskalKultura.com-i elkarteko Boni Guenechea.
Eta are hegoalderago, Kuban, La Habanako Euskal Etxeak ere lagun asko bildu zituen, ia 200 lagun, Aberri Egunera. Festan gainera, Korrika 19ren aldeko ekitaldi bat ere egin zuten.
Jarraian, orain arte egin diren festen argazki sorta: