New York, AEB. 1913an sortua, Euzko Etxea of New York (EENY) du izena Estatu Batuetako euskal etxeetan zaharrena denak eta Aberri Eguna izan du tradizionalki bere urteko ospakizun kuttunena. Baita aurten ere, eta egina die deia bere bazkideei eta hirian egon daitezkeen euskaldunei eta euskaldunen lagunei, datorren asteko igandean, apirilaren 20an, bere egoitzara bil daitezen, eguna festa giro euskaltzalean ospatzera, edizio honetan, gainera, lagunarteko bazkari ederra hiriko Txikito jatetxeko Alex eta Eder Montero sukaldari ospetsuek prestatua.
Janari aldeko berme berezia ematen dio horrek elkarretaratzeari, eta iragarri dute dagoeneko txakolina eta euskal ardoak lagun egingo dela otordua. Bazkalostean, ohi bezala, Aberri Eguneko hitzak jendaurretuko ditu Zuzendaritza Batzordeak. Parte hartu nahi dutenek, emaila bidali beharko dute Euskal Etxera nyeuzkoetxea2013@gmail.com helbidera, beti ere apirilaren 15aren aurretik. Egun osoan, euskal musika eta kantuak eta giro aparta espero dira, adin guztietako euskaldunak eta euskaltzaleak lagun.
'Pop up' Pintxo-Pote #1, by Elena
Baina apirilaren barruan New Yorkek bizi izango duen beste ekitaldi berezi bat, berezia ezohikoa delako Sagar Handian, "PINTXO POTE #01 - Hosted by Elena" izena hartu duen proposamena da. Join Elena for her first edition of Pintxo Bar NY, a special Basque pop-up series celebrating the vibrant drink and food culture of the Basque Country! (Bat egin Elenarekin Pintxo Bar NY-en, aldibaterako Euskal Herriko edari eta janari kultura bizia ospatzuko duen pop-up edo aldibaterako taberna honen lehenengo edizioan). 19etatik 11etara da deialdia. 105 Avenue B, East Village helbidean.
Txartelak hemen eros ditzakezu.