euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aberri Eguna gogotik ospatu zuten Habanan: bertsoak, musika, dantza, Erreniega... eta Athletic-Real derbia

2011/04/28

Jade talde kubatarrak ere parte hartu zuen Habanako Centro Vasco jatetxean eginiko Aberri Eguneko ospakizunetan (argazkiak MikelMarotta)
Jade talde kubatarrak ere parte hartu zuen Habanako Centro Vasco jatetxean eginiko Aberri Eguneko ospakizunetan (argazkiak MikelMarotta)

PUBLIZITATEA

Kubako euskaldunek joan den asteburuan ospatu zuten Aberri Eguna, eta ederki ospatu ere!, bi eguneko ekitaldi sorta mardula lagun. Irlako euskaldunek antolatu zuten jaia, 'Asociación de Beneficencia Vasco-Navarra' elkartearen eta AthletiKuba taldearen laguntzarekin. Habanako Centro Vasco jatetxean egindako festa arrakastatsua izan zen, partehartzaile kopuruari zein giro ederrari dagokionez. Bi egunetan denetarik izan zen bertan: mus txapelketa, Athletic-Real derbiaren gorabeherak, musika, dantza, Erreniega abesbatz nafarraren bisita, bertsoak, 'repentistak'... Josemi Arrugaeta lagunak idatzi digu bertatik kronika.

Josemi Arrugaeta/Habana, Kuba. Larunbatean hasi ziren Kubako euskaldunek asteburu osoa bilduz Habanan antolatutako Aberri Eguneko ekitaldiak, AthletiKuba taldearen III Euskal-Kubatar Mus txapelketarekin hain zuzen. Bederatzi bikotek --bertakoak zein Euskal Herritik etorritako bisitariak barne-- hartu zuten parte eta finalean Javi Soria nafarra eta Mikel Marotta arabarra atera ziren garaile. Biak ala biak Kuban bizi direnez lehenengo aldiz txapelak irlan gelditu dira aurten.

Arratsaldean, aurtengo deialdia erabat animatu duen ezustekoa jaso zuten bertaratu zirenek: Athletic-Real derbia zuzenean ikusi ahal izan zuten. Ohi bezala, talde baten zein bestearen aldekoen artean hika-mika eta trufa dexente izan zen, baina penalti eta falten gaineko polemikak gorabehera, giroa bikaina izan zen.

Aberri Eguna 2011 La Habana (3)

[Mus txapelketaren finalistak; txapela buruan, Javi Soria eta Mikel Marotta irabazleak]

Arratsaldean zehar lagun gehiago bildu ziren Centro Vasco jatetxera eta afalordurako hirurogei pertsona inguru zeuden bertan. Afari legea egin ostean Imuntzo ta Beloki trikitilarien musikarekin jaia gaueko hamaikak arte luzatu zen.

Daniel Chavarriari omenaldia

Igandeko ekitaldiak eguerdian hasi ziren. Centro Vasco jatetxeko lehen solairuko aretoan Joseba Macias kazetari eta unibertsitate-irakasleak harrera egin zien Aberri Eguna ospatzera bildu zirenei, euskaraz zein gazteleraz. Bilboko Errekalde auzoko bi anaia gaztek aurreskua dantzatu zuten eta jarraian, AthletiKuba taldeak omenaldia egin zion Daniel Chavarria idazleari. Chavarriak Kubako Literatur aSari Nazionala irabazi du berriki eta aldi berean, gainera, Uruguain ere sari baliokidea jaso du. Chavarriak Euskal Herriarekiko bere maitasuna aitortu zuen ekitaldian eta ipuin labur eta umoretsu bat irakurri zuen.

Aberri Eguna 2011 La Habana (4)

[Daniel Chavarria idazle kubatarra, Aberri Egunean egin zioten omenaldian]

Musika eta bertsoen ordua heldu zen ondoren, jatetxean bildu ziren ehun bat lagunen gozamenerako: trikitrixa, Lizarralde bertsolaria, Emiliano Sardiña 'repentista' kubatarra eta Jade bikote kubatarrarekin.

Aberri Eguna 2011 La Habana (1)

[Repentistak eta bertsolariak, lankidetza bikaina]

Erreniega koraleko gonbidatuak

Arratsaldeko ordu biak aldera azken espero ziren gonbidatuak agertu ziren: Erreniaga abesbatz nafarreko kantariak. Taldea Kuban bira egiten ari zen eta Santiagon emanaldia egin ostean hegazkina hartu eta Habanara iritsi nahi izan zuten, azkenak, baina garaiz Aberri Egunean parte hartu ahal izateko. Zizur Zendeako koruko kantariak eta euren bidaideak (36 lagun guztira) mahaian eseri eta bazkaria hasi zen.

Bazkalostean, bidaiaren nekeak ahaztuta, Erreniagako kideek emanaldi labur bat egin zuten, anfitrioi euskal-kubatarren gonbidapena eskertzeko. Taldeko zuzendaria kubatarra da, Iruñean bizi den Yaritza Farah Núñez, eta bere gidaritzapean talde nafarrak Xabier Lete omendu zuen 'Xalbadorren heriotza' kantuarekin eta besteak beste Benito Lertxundiren 'Erribera' eta, Euskal Herritik hain urrun, zinez hunkigarria suertatu zen 'Agur Jaunak' kantua interpretatuz.

Imuntzo ta Beloki

Koruaren emanaldiaren ostean, nafarrek eurena erakutsi nahi eta jota sorta ederrarekin berotu zuten giroa, dantza eta musikaz beteriko arratsaldeari hasiera emanez. Imuntzo ta Beloki trikitilariak, Lizarralde bertsolaria, Ray Fernández kantari kubatarra eta Jade taldea ere jo eta su aritu ziren, gaueko hamarrak arte.

Aberri Eguna 2011 La Habana (5)

[Euskal dantzak Habanako Centro Vasco jatetxean Aberri Eguna ospatzeko festan]

EuskalKultura.com-ek ematen dien aukeraz baliatuz, antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete ekitaldiok diruz lagundu dituzten euskal enpresei, Athletikuba taldeari, 'Asociación Vasco-Navarra' elkarteari, gonbidapena egin zuen Ines artista kubatarrari, Felix Sarasola sukaldariari eta bi egun bizi-bizi hauetan parte hartutako guztiei.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia