Apirilaren 1ean ospatu da aurten Aberri Eguna Euskal Herrian; euskal diasporako herri eta erakunde askotan Bazko Igandean bertan egin ziren ekitaldiak; beste anitzetan, ordea, apirilean zehar egin dira eta egiten ari dira. EuskalKultura.com-eko gaurko artikuluan, 2018ko Aberri Eguneko argazki galeria, gure erredakziora iristen joan diren argazki eta irudietako batzuekin.
Buenos Aires, Argentina. Rio Negrotik Misionesera, Andeetatik Urjauzietara… ohi bezala mota askotako ekintzak egin dituzte Argentinako euskal etxeek 2018ko Aberri Eguna ospatzeko. Batzuk jendetsuagoak, hunkigarriagoak besteak… guztiek helburu berarekin: Hego Hemisferiotik euskaldunen aberriari omenaldi eta atxikimendu beroaren ekarpena egitea.
Ospakizunak egiteaz gain, erakunde askok Aberri Egunari buruzko testu eta azalpenak plazaratu dituzte gizarte sareetan eta tokiko hedabideetan.