Donostia-San Sebastian. Euskal diaspora osoan Venezuelako Caracas izango da seguruenik gaur Aberri Eguna modu bereziagoan ospatuko duten lekua, Aberri Eguna ospatzearekin batera Venezuelako euskal komunitateak Caracaseko euren etxea, hiriko El Paraison altxatzen den egoitza fisiko eta espirituala duela 70 urte, orduan Aberri Eguna ere ospatuz, frankismo peto-petoan estreinatu zuteneko 70. urtebetetzea ere ospatzen baitute.
Horretarako, bideo bat zabaldu dute Facebookez, bertako euskal komunitateko hainbat lagun lankide, eta hitzordua ere ipini dute, konfinamenduan egonik ere nahi duenak zuzenean Instagram bidez (@centrovasco) bat egin dezan Eusko Etxetik bertatik egingo dituzten ekitaldiekin, Venezuelako 10:45etatik aurrera (Euskal Herrian 16:45ak direnean). Mexiko Hiritik ere aktibo ibili dira aurten Aberri Eguna modu diferente batean ospatzerakoan, eta hemen ere hainbat lagun lankide, honako bideoa osatu dute, bat eginez EHan egin diren Aberri Eguneko balkoietako deialdiekin.
Munduan hainbat izan dira Aberri Eguna baldintza berri hauetan ospatzera deitu duten euskal etxeak. Urtero festa hau euren festa nagusitzat edo festa garrantzitsu bezala ospatzen duten euskal etxe askok (New York, Habana, Txileko Santiago, Valparaiso, Bartzelona, Paris, Argentinako La Plata, Necochea, Buenos Aires, Magdalena, Mendoza, Mar del Plata, Cordoba, FEVA, Arrecifes, barkatu ezin guztiak aipa, Madril, Montevideo, Lima, Sao Paulo...) bistan da bertan behera utzi behar izan dutela aurtengoz, eta bakoitzak banan bana etxetik bat eginez ospatu beharko duela.
Ezin hona horien guztien isla ekarri, baina guztien ordezkari, Diasporako lagun batek bidali digun irudi adierazgarria ekarri dugu, Diasporako euskaldunen gaurko eguneko ospakizunen irudi gisa. Bera Johnny Ugalde da, Australiako Melbournen jaioa, 14 urterekin Ondarroara bizitzera etorria, 20 urtetan berriro Australiara joana eta handik Kanadako Vancouverrera beste 13 urtez, handik azkenean iaz Euskal Herrira etorria, egun Sukarrietan bizi delarik. Bertako bere balkoitik [Ikurrina eta St Pierre eta Miquelongo bandera ipinita] bat egin nahi izan du Euskal Herriko eta munduko beste milaka balkoietarik euskaldunek munduratu dituzten atxekimendu eta aldarriekin. "Gora Euskadi!" ozen bat bidaliz EuskalKultura.eus-era, eta guk , gure Diasporaren kronikari eta islatzaile lanari eutsiz, halaxe helarazten dizuegu. Gora!
-Hamaika Telebistaren emisioa 2020eko Aberri Egunaz Diasporako atxekimendu eta lekukotasunak barne (1h 42')
Gernikako Arbola zirraragarri bat Argentinako Cordobatik. Eskerrik asko!