Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko kideek, euren euskal jantziekin, zuriz eta gorriz margitu zuten hiriko Katedralaren sarrera
Apirilean zehar ospatu da Argentinan Aberri Eguna; Apirilaren 3 eta 4an Cañuelasko Dantzarien Topaketarekin hasi zen ekintzen egutegia beste zenbait herritara zabaltzen joan da komunitate bakoitzak bere kide eta lagunekin ospatu ahal izateko. Gaurko artikuluan, azken astean burututako ekintzen laburpen eta argazkiak.
Buenos Aires, Argentina. Era berezi batean azalarazten du Argentinako euskal diasporak Euskal Herriarekiko duen sentimendua Aberri Egunean. Izan ere, adierazpen kultural ugari prestatzen dituzte euskal etxeek ospakizunetan aurkeztu ahal izateko: dantzak, musika, gastronomia… Omenaldiak eta instituzioko alkatearen hautaketa ere egin ohi dituzte erakundeek egun honetan. Rosarion, adibidez, Luis Maria Barrandeguy izendatuz alkate 2016-2017 eperako. Buenos Airesko Laurak Baten, berriz, urteetan etxeko zaindaria izan den Oscar ‘Pocho’ Arias-i agurra egin zioten Aberri Eguneko jaian.