euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aberri Eguna 2025 ospakizun berritua Cañuelasen, mus eta pilota txapelketak eta 17. Dantzari Topaketarekin (I)

2025/04/10

Cañuelasko San Martin Plazako agertokian, 2025eko Aberri Eguna antolatu duen Denak Bat euskal etxeko kideak
Cañuelasko San Martin Plazako agertokian, 2025eko Aberri Eguna antolatu duen Denak Bat euskal etxeko kideak

PUBLIZITATEA

Cañuelas, Argentina. Hainbat euskal etxetako ordezkariak lagun eta egitarau arrakastatsuarekin ospatu da joan del larunbatean Cañuelasen 2025eko Aberri Eguna. Laster 65 urte beteko dituen Denak Bat Euskal Etxeak deituta, festa handia izan zen. Urteroko ohiko Dantzari Topaketaz gain, programak jarduera asko eskaini zituen. Mus txapelketa, pilota erakustaldia, kalejira, danborrada, abesbatzaren emanaldia, artisautza erakustaldia, gastronomia, erromeria eta, batez ere, giro paregabea. Ekitaldian, bertako Veronica Zulaica, Antonio Beloki eta Margarita Mathieu lehendakari ohiekin batera, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari Sara Pagola eta FEVAko bigarren lehendakariorde Carlos Miguelena izan ziren.

Nobedadeak: musa eta kirol erakustaldia

 
Mus txapelketa, 8 eta 94 urte bitarteko muslariekin, bazkaria Euskal Etxean; eta pilota triangeluarra

Goizean, 18 muslari bikote partaide —Cañuelas, Ayacucho, Saladillo, Pergamino, Buenos Aires, La Plata eta Chacabucokoak—, Elkarte Italiarraren aretoan, "Aberri Eguna 2025" Txapelketa lehiatzen hasi ziren. Jokoa eguerdian eten zen, euskal etxe ugaritatik etorritako lagunek elkarrekin bazkaldu zezaten. Otordua amaituta, programapeko Artisautza eta Ekintzailetza Azoka zabaldu zen Euskal Etxe aurrean.

Azokako aurtengo edizioan ikusgai eta erosgai, 'Aitunea'ren diseinuko objektuak, Marina Rolon eta Marta Oyharzabalen 'Colibrí'ko ehungintza, liburugintza eta artisautzako dekorazioko artikuluak, La Platako María Fernanda Astigarragaren 'Haritza' eskuz margotutako jantziak, 'La Sortija'ko abarketak, Pergaminoko 'Eguzki'ko Ethel Arreguik eskuz margotutako portzelanak, 'Ambar Aguirre'ren poltsa apainduak, jantzien postu bat, eta kafe eta gozogintza beste bat, Euskal Etxeko kideek egina.

Arratsaldeko 4etan, Cañuelas Klubeko trinketean, "Aberri Eguna" pilota erakustaldi triangeluarra hasi zen. Norgehiagokan partaide, La Platako Euzko Etxeko Juantxi Yacomini eta Tomas Clúa, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko Franco Landaburu eta Francisco Ferrari eta Cañuelas bertako José Dieste eta Rafael Dieste; bertakoak gailendu eta atera ziren txapeldun.

Musika, dantza eta 8 urteko txapelduna

 
Korua, kalejira eta dantzak San Martin Plazan, eta Joporen kontzertua festa amaitzeko

Ilunabarrean, jendea Euskal Etxeko atarian biltzen hasi zen. Ohi denez, bertatik atera ziren kalejiran, danborrak eta kupelak lagun, San Martin plazako agertokiraino. Denak Bat Euskal Etxeko lehendakari Maria Jose Oyharzabalek ongi etorria eman ostean bertaratutakoei, Argentinako Ereserki Nazionala eta Gernikako Arbola abestu zuten. Segidan, Euskal Etxeko dantzari bikote gazte batek Agurra eskaini zuen, Leandro Vallejosek zuzendutako Denak Bateko abesbatzaren ahotsek abestuta. Danborradako kideekin batera, San Sebastian Martxa ere interpretatu zuten, eta gero abesbatzak Boga Boga eta Ikusi Mendizaleak.

Teknikariek, dantza-taldeen emanaldiari bide emateko agertokiaren egoera prestatu bitartean, albiste batek txalo zaparrada ederra piztu zuen. Izan ere, Mus Txapelketako azken partida, bertatik metro batzuetara jokatzen ari zena, bukatuta, txapela Pablo Pavesak eta 8 urteko Gino Pavesak osatutako bikote chacabucotarrak irabazi zuela jakitean, Ayacuchoko Muslari Elkarteko Ruben Ferrero eta Facundo Ibarra garaitu ondoren, 2025eko Aberri Eguneko txapeldun bihurtuz.

Aupa dantzariak!

Beste behin ere, Daniel Sancholuz izan zen 17. Dantzari Topaketako partaideak aurkezteko arduradun. Oholtzara igo ziren Buenos Airesko "Oihankide Talde"ko kideak, hiriburu federaleko "Laurak Bat", Chacabucoko "Guillermo Larregui", La Platako "Euzko Etxea", Chivilcoyko "Beti Aurrera" eta Mar del Platako "Denak Bat" euskal etxeetako dantzariak; eta Denak Bat anfitroiko haurren taldea, Amak eta seme-alabena, eta helduena. Ikuskizuna bukatuta, festak Denak Baten egoitzan jarraitu zuen, Daniel "Jopo" Galfredoren emanaldi txalotuarekin.

(segituko du)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia