euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aberri Eguna 2023: munduko euskal etxe eta erkidegoetan apiril osoan gauzatuko diren hitzorduetan ari dira ospatzen

2023/04/09

Mallorcako Artea Euskal Etxekoek joan den larunbatean ospatu zuten Aberri Eguna 2023, Son Rapinyako frontoian
Mallorcako Artea Euskal Etxekoek joan den larunbatean ospatu zuten Aberri Eguna 2023, Son Rapinyako frontoian

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Erbesteari lotutako euskal etxeetan hasieratik izan zen Aberri Eguna urteko festa nagusia / nagusietarik. Bestela ere, Santiagokoa bezalako Eusko Etxean, konparazio, Euskal Herritik joanik Txilen epe baterako bizi diren ikasle edo profesional gazteak ere biltzen zaizkio, agian Euskal Herrian egonik data ospatzen ez zutenak ere, "kanpoan zaudela, herrimina bestela bizi baita", esan digute. Bada gaur ospatuko duenik, Berpizkunde Igandearekin bat, edo aurreko edo ondoko egunetan; euskal etxe askotan, bazkari edo otordu batez, baina baita ere festa ekitaldiekin, bestelako elkarretaratze, meza, kontzertu edo zinema saioekin, eta egunkari edota sareetan testuak argitaratuz.

Gaur bertan ospatuko dutenen artean, han-hemendik hitzordu batzuk ausaz harturik, aipa ditzagun, esaterako, Argentinan, Azulgo Gure Etxea, Venezuelako Caracaseko Eusko Etxea, AEBetako New Yorkeko Eusko Etxea eta Kolonbiako Trujilloko Euskal Etxea. Baina, komunitate bakoitzak hobekien datorkionean antolatu ohi duenez, badira ospaketan egun batzuk aurreratu zirenak, adibidez aurreko asteburura pasaturik, hala nola, Australian, North Queensland Basque Club-eko lagunak edo Mallorcako Artea Euskal Etxekoak, edo atzo bertan egin zutenak, Londresko London Basque Society-Euskal Elkartekoen kasua, bazkideak eta familiak-eta bildurik, egun osoko festa eta egunpasa antolatuz ohoratu baitzuten eguna hiriko Gooding Community Center-en.


Azulgo (Argentina), Caracaseko (Venezuela) eta New Yorkeko (AEB) Aberri Eguneko deialdiak


Trujilloko Euskal Etxearen deialdia, Kolonbian

​Formatoa ere alda daiteke. Garrantzitsuena jendea biltzea eta elkarrekin ospatzea da. Leku batzuetan familiarragoa da, beste batzuetan gehienik helduak biltzen dira mahai baten inguruan, edota bi edo hiru belaunaldi, edo gazteek eurena egiten dute, eta 'jaiagoa' izan daiteke, edo aldarrikatzaileagoa, edo hezitzaileagoa, edo erlijioa ere osagai meza ere programan sartuz edo erabat laikoa. Ia guztietan mahai baten inguruan eseri eta jateko-edatekoak partekatzea lege da, izan bazkari edo afaria, edo tragu batekin topa eginez. Eta tokiko prentsan edota sare sozialetan artikuluak argitaratzea, gizarteko gainerakoei azalduz zer den euskaldunek ospatzen duten Aberri Eguna delako hori.

Lehenago aipatu ditugun Azul, Caracas, New York, Trujillo, Townsville, Mallorca eta Londresko euskal etxekoez gain, Aberri Eguneko beste hamaika hitzordu eta atxikimenduren berri heldu zaigu erredakziora, eta horien artean daude, konparazio munduko euskal etxe eta herri hauetatik jasotakoak: Txileko Santiago, Paraná, Macachín, General Rodríguez, Lima, Viedma, Viña del Mar, Buenos Aires, Montevideo, Rosario, Villa María, Necochea, Tokio, Boise, Ontario, Mexiko Hiria, Mendoza, Córdoba, Sao Paulo, Madrid, Habana, Tandil, Magdalena, Trelew, Olavarria, Valencia, Sydney, Bahía Blanca, Pergamino, Montreal, Bariloche... jakin badakigu ere gehiago direla bat egingo dutenak.

Agurrak eta bideoa

Sare sozialetan, Gorka Álvarez Aranburu Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak Aberri Eguneko mezu bat zabaldu du Pazkoaldi zoriontsua desiratuz, eta eguna, Herri bat, kultura bat eta atxikimendu sentimentu bat badirela aldarrikatzeko egun gisa aurkeztuz, "Euzkotarren Aberria Euzkadi da, Gora Euskadi Askatuta' ozen batekin amaituz. Bere aldetik, EH Bilduko legebiltzarkide eta alderdi barruan Diaspora gaietako arduradun den Jasone Agirre Garitonandia hautetsiak hemendik aurrera hamabost egunero plazaratuko duen bideo-sorta bateko lehena jaurti du, 'Maite duzun Herria' izenpean, estreinukoa Aberri Egunari dedikatua [ikus beherago].


Mexiko Hiriko Euskal Etxearen Aberri Eguneko deialdia


EHBilduko Diasporarako arduraduna den Jasone Agirrek abiatutako bideo sortako lehena

Argentinako euskal elkarteen FEVA federazioak ere mezu bat kaleratu du 'Zorionak Aberri Egunean' izenburupean, azpimarratuz "Aberri Eguneko ospakizun berri honetan, FEVAtik jaieraz opatzen dizuegu elkar topatzeko, gogoetarako eta besarkadak partekatzeko aukera izan dadin... eta jarrai dezagula elkarrekin lanean Euskal Aberri aske, justu eta burujabe baten alde. Gora aberria!", bukatzen du.

Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxeak ere "Aberri Egun Zoriontsua - Happy Fatherland Day!" izeneko testua zabaldu du, oroituz "1932tik, Sabino Aranak bere bizitzako misio gisa Euskal Herriaren batasuna lortzea finkatu zuenetik, Pazko igande oro euskaldunek ospatu izan dutela euren aberria jaialdi txikiak eta beste ospakizun batzuk eginez". Diaspora osoan mota honetako erakunde bakarra den Boiseko Euskal Museoak gomendatzen du gaurko egunerako John Ysursak Aberri Egunaz idatzitako testu hauBuber.net euskal webgunean.

Cañuelaseko Aberri Eguneko Dantzari Topaketa

Gogora dezagun, bestalde, eta zenbait artikulutan oroitarazi dugu azkeneko hilabeteetan, Argentinan Aberri Egunarekin bat Cañuelasen urtero antolatzen den gazte programa, aurten datorren asteburuan, apirilaren 15 eta 16an, larunbat eta igandez, egingo dena Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxea antolatzaile. Deialdi honen berri eta beste batzuetaz ondoko egunetan segituko dugu ematen, izan agendan edota gure orrialdeotako artikulu berritan.

Zure euskal etxeko deialdiaren berri edota hitzorduen argazki eta datuak bidali nahi badizkiguzu emailez egin dezakezu info@euskalkultura.eus helbidera idatziz edo, whatsappez, +34 687 261 185 zenbakira zuzenduz. Denon artean egiten dugu EuskalKultura.eus.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia