euskal diaspora eta kultura
2011/05/04
PUBLIZITATEA
Jose C. Paz, Argentina. Dantzatuz eman zioten hasiera euren jaiari Toki Eder Euskal Etxeko lagunek. Eta abestiak ere Euskal Herriko kulturaren ikur bat direnez, afarian ahots guztiek bat egiten zuten Angel de Arrigorriaga euskal etxeko kidearenarekin kanta tradizionalak interpretatzeko. Erakundeko kultur koordinatzailea den Lucia Lechardoy-k hitz hunkigarriak erabili zituen Aberri Egunaren esanahia azaltzeko eta ondoren, Maria Angeles Oñederra etxeko lehendakariak Euskal Herriko jendearen baloreak gorestea haien eguna ospatzeko era egokiena dela adierazi zuen gonbidatuei zuzendutako hitzetan. Apirilaren 30an burututako jaian, Jose C. Pazeko erakunde askotako ordezkariek eta etxeko kide ugarik hartu zuten parte.
[Toki Eder Euskal Etxean afaria eta festa ekitaldia egin zen Aberri Eguna ospatzeko (argazkia EE)]
Arrecifesen, berriz, hitzaldi batekin gogoratu da aurten Aberri Eguna. Arreta handiz entzun zuten Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxera hurbildu ziren lagunek Teresa de Zavaleta euskara eta historia irakasleak proposatutako Aberri Egunaren gaineko begirada. Dokumentalez baliaturik, data esanguratsu honetan sakondu zuen Zavaletak. Hitzaldia bukatuta, euskal etxeko kideek urteko biltzarra gauzatu zuten arrecifestarrek.
[Teresa de Zavaleta, hitzaldia ematen Arrecifesen Aberri Egunaren karietara (argazkia EE)]
Buenos Airesen, beste bi topaketa egin ziren apirilaren 30an. Hiriburuko “Plaza de Mayo-n” eta Independentistak elkarteak iragarrita, Euskal-Argentinar Koordinakundeak, eta Euskal Herriaren Lagunak (EHL-Argentina) elkarteak ehunka lagun bildu zituen ekimen batean hartu zuten parte. Bandera berdeak eta ikurrinak gailendu ziren Mayo etorbidetik Cabildo-ra abiatu zen kabalkadan. Hor, Arrecifesko dantzari batzuek Euskal Herriko dantza tradizionalak egin zituzten eta segidan FEVA federazioak Aberri Eguna zela eta plazaratutako oharra irakurri zen. Jarraitzeko, Euskal-Argentinar Koordinakundearen izenean, Irene Lopez de Vicuñak hitz batzuk luzatu zizkion bildutako publikoari, eta ondoren Buenos Airesko Euskaltzaleak-eko irakasle Teresa de Zavaleta Euskal Herriaren nortasun eta euskararen arteko harremanei buruz mintzatu zen. “Euskara beharrezkoa da gure herria indartzeko”, adierazi zuen Zavaletak.
[Ikurrinak gailendu ziren Mayo etorbidean (argazkia Facundo Andicoechea)]
Euskal Herriaren Lagunak elkartearen ordezkari den Carlos Aznarezek ere hartu zuen hitza ekimen jendetsuan. 'Resumen Latinoamericano' egunkariaren zuzendariak "Euskal Herriaren alde dauden Argentinako elkarteen laguntasuna" azpimarratu zuen.
Ekitaldia bukatu aurretik, Aberri Eguna ospatzeko elkartu ziren lagunak, 9 de Julio etorbidean euren lurrak berreskuratzeko protesta egiten ari diren Qom Argentinako bertako indigenengana hurbildu ziren eta dantza erraldoi batean bildu ziren.
Buenos Aires hiriburuan ere baina gauean, Iparraldeko Euskal Etxea izan zen beste topaketa baten gertalekua. Zeremonia honetan, Mikel Ezkerro irakasleak hitzaldi bat eman zuen eta ondoren topa egin zuten Moreno kaleko egoitzara bildu zirenek.
[Iparraldeko Euskal Etxean bildu ziren lagunak (argazkia EE)]
Chascomusetik, berriz, gonbite berezi bat hedatu zen e-postaz. Aberri Egunean ikurrinak leihoetara ateratzera proposatu zuten Zingirako Euskaldunek euskal etxeko arduradunek. Teknologia berriez baliatuz ere, Argentinako hainbat euskal erakundek Aberri Egunari buruzko mezu, irudi eta azalpenak zabaldu dituzte. Besteak beste, Mar Chiquitako Euskal Etxeak eta San Miguelgo Askatasunaren Bidea elkarteak aipamen bereziak egin zituzten beren blogetan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus