euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

«AndereGatik» lana tauletatik diskora bildu dute 'Amaren Alabak' kantari talde gazteko sei neska xiberotarrek

2007/08/13

Maider eta Graxi Bedaxagar, Lüxi Agergarai, Arantxa Camus, Ihitz Iriart eta Maika Etxekopar dira taldea osatzen diten seiak, 'Amaren Alabak' (Gara argazkia)
Maider eta Graxi Bedaxagar, Lüxi Agergarai, Arantxa Camus, Ihitz Iriart eta Maika Etxekopar dira taldea osatzen diten seiak, 'Amaren Alabak' (Gara argazkia)

PUBLIZITATEA

Hiru urte da, 'Amaren Alabak' Zuberoako talde gazteak, «AndereGatik» ikusgarria eratu zuenetik. Urte horietan guztietan plazarik plaza ibili dira sei zuberotar gazteak, haien ahots ederren indarraz, Mauleko espartin lantegietara lan egitera jindako «enarak» gogoan izanik. Zikloa bururatzeko, diskoa atera dute, ZTK disketxearen laguntzaz. Diskoa, taldearen espirituaren miraila da, kantuen soiltasuna eskaintzen baitu soilik eta osorik, estudioko aldaketarik gabe. Eneritz Zabaletak sinatzen du Garak joan den asteburuan argitaratu artikulua.
Zuberoa espartin lurra izan da aspalditik. Mauleko harana, Europa osoan sona izatera iritsi ziren espartinen ekoizpenan sartua zen lehengo denboretan, buru-belarri. Luzaz, espartingintza izan zen Zuberoa gainerako munduarekin harremanetan mantendu zuena. Mendi herria baita Zuberoa, aldapa arteko pareten artean preso dagoena. Mendi herrialde hori, espartinek zuten ezagutarazi eta hedatu. Espartinek zituzten erakarri, Izaba, Aragoi edo Italiatik, Maulera jin emazte lagileak.

Baina, urteak aitzina doazen bezala, gauzak etengabe aldatzen doaz mundu honetan. Egunak igaro, eta aste bihurtu ziren. Asteak, hilabete. Hilabeteak pilatu, eta urteak iragan ziren Zuberoan. Urteak joan, eta urteak jin, pixkanaka-pixkanaka, espartin lantegiak itxi ziren, Asia eta Afrika iparreko lantegiei lekukoa emanik.

Urteak joan ahala, espartinek ere Zuberoatik alde egin zuten. Baina, zuberotarren artean, espartinak egitera etorri emazteen oroitzapenak bizirik dirau. Nafar, italiar, portuges edo aragoiar horien oroitzapenak gorde dira. Denboraren poderioz, haiekin bizi bizipenak, istorio bihurtu ziren. Istorioak, kantu. Kantuek, belaunaldiz belaunaldi irakatsirik, egun arte bizirik iraun dute.

«Enarak» gogoan

Atzerritik Zuberoara etorri emazte horiei, «enara» deitzen zitzaien lehen, Atharratzetik Maulera bitarte. Amaren Alabak Zuberoako kantari taldeak, «enara» horiek omendu nahi izan ditu, 2004an «AndereGatik» ikusgarria osatzean. «Enara» horiei ikasi Portugalgo istorio-kantuak, Italiako herri kantak edo Aragoiko jotak kantatzen dituzte sei zuberotar gazteek. Ondare hori, Euskal Herriko kantuekin nahasirik sortu zen «AndereGatik». Soineko beltz xumeak, jarleku trinko batzuk eta kantuak a capella. Horra Maider eta Graxi Bedaxagar, Lüxi Agergarai, Arantxa Camus, Ihitz Iriart eta Maika Etxekopar, Amaren Alabak seikotearen eskaintza. Eskaintza xumea, trinkoa. Trinkoaren eta xumearen indar guztiarekin.

Hiru urte da, «AndereGatik» ikusgarria plazarik plaza zabaltzen ari direla sei neska gazteak. Agertoki guztietan kantatzeko parada izan dute: «Areto dotoreenetatik, ostatu xumeenetara joan gara», azaltzen digu Maika Etxekopar, taldeko kideak. Maikaren hitzetan, gusturago sentitzen dira ostatu eta leku trinkoetan: «Ikuslea hurbil delarik gusturago gabiltza. Inguratuak sentitzen gara». Erakusgarriaren trinkotasunagatik ote?

«AndereGatik»en arrakasta ikusirik, aste honetan atera berri dute diskoa Amaren Alabak-eko kantariek: «Jendeak galdetzen zigun diskarik genuenez. Baina, galdetu diguten horientzako baino, ikusgarria bururatzeko, eta oroitzapen bat gordetzeko egin dugu», erran digu Maikak. Diskoa, hala ere, taldearen irudira egin dute: «Dena zazpi bat orenez grabatu dugu. Grabaketan, biziki aldaketa gutxi egin ditugu. Diskoan den guztia, gure ahotsen emaitza da, bere makur eta alde onekin».

Disko soil bezain ederra

Bada, emaitza ederra da. Ahots hutsen ustezko sinpletasunak duen edertasun berezia dario taldearen diskoari. Ahotsen biluzia, musikaltasun trinkoaz jantzi dute diskoan, eta seikoteko bakoitzak ematen dion berezko koloreak harmonia ematen dio osotasunari.

Diskoaren liburuxka, taldea irudikatzen duten hainbat margoz apainduta ekarri dute gainera, sei zuberotarrek: «Gure inguruan ziren margolariei galdetu genien tindu batzuk egiteko», argitu digu Maikak. Axixko Urmeneta, Gonzalo Etxebarria, Xabi Barneix, Maitena Lugaro eta Joana Etxeberriren obrek osatzen dute liburuxka. Margo horietan, aipagarria da, taldeko sei neskak ia beti elkarrekin agertzen direla. Izan ere, benetako taldea da Amaren Alabak, umetatik lagun diren sei neska gaztek osatzen dutena: «Neska hauen artean, taldeak dakarren energia, indarra, nabaria da. Bakarrik kantatzea egokitzen zaienean ere, taldea direla sentitzen da, egiazko taldea», erran digu Paxkal Indok, diskoaren ekoizpenaz arduratu den ZTK disketxeko arduradunak. Taldeak, abuztuan «AndereGatik» ikusgarria ematen jarraituko du. Baina, irailetik aitzina, ikusgarri berri baten prestatzeari ekingo dio buru-belarri.


ZTK, HERRI KULTURAREN BOZGORAILUA

E. Z./Baiona Amaren Alabak taldearen diskoa, Baigorriko ZTK diskoetxe txikiak atera du. Elkarte bat da azken hori, eta bere helburua herri kulturaren bitartekari izatea da. Hainbat obra, bai herritarrak, modernoak, musikalak... argitara ematen ditu ZTK etxeak, merkatuko irizpideetatik kanpo ibilita, beti ere.

Ordea, berriki ezbehar larria izan zuen etxeak, martxoan sutea jasan baitzuen: «Sutea martxoaren 11n gertatu zen, eta dena suntsitu zuen. Gure ekoizpen guztia galdu genuen», erran digu Paxkal Indo ZTKren arduradunak. Amaren Alabak-en disko hau, sutearen ondotik egiten duten lehen lana da: «Martxoaren 10ean, «Saotome» ikusgarriaren DVDa bukatu genuen, eta 11n suak dena suntsitu zuen». Orduan, suak suntsitu lanak berrargitaratzeari ekin zion Indok.

Finantza aldetik, egoera larria bada ere, disko berri honekin, beste proiektu batzuk aitzina eraman nahi ditu Indok: «Salmentei esker, 'Saotome'ren lana berriz atera nahi dugu, Xiberoako kantu bilduma bat ere abian da, eta Arbailak taldearen lana». Irudiz, suak ere ez du behera eraman ZTKren lana.


(2007-08-11ean Gara-n argitara emana)


Lotura interesgarriak

'Amaren alabak' Wikipedian
'Musika tresna bakarra ahotsa'

'Amaren alabak taldearen lehen diskoa kalean'
artikulua ikasbil.net-en

Elkarrizketa 'Amaren Alabak'eko kideekin (pdf, ikus 16. or)
Habe aldizkarian


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia