Buenos Aires, Argentina. Aurten 25 urte bete dira Azaroaren 25a Nazio Batuen Batzar Nagusiak Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna izendatu zuenetik. Data hori aktibista politikoak ziren Mirabal ahizpak 1960an Dominikar Errepublikan Rafael Trujilloren diktadurapean hil zituzten egunaren oroimenez ezarri zen. Egunotan, munduan barrena, martxak, hitzaldiak eta jarduera ugari egin dira eta egingo dira aste osoan zehar Azaroaren 25a ospatzeko.
Ekintza horiek guztiek sentsibilizatzeko helburua dute, munduan zehar emakumeengan eragiten den indarkeria salatzea eta desagerrarazteko politika publikoak eskatzea. Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak sustaturik, Berdintasun Eskola horretan ari da euskal etxeetan ere, eta datorren larunbatean, azaroak 30, hitzaldi birtuala eskainiko du, "Indarkeria matxistaren prebentzioa euskal etxeetatik: prebentzio- eta jarduera-protokoloen garrantzia" izenpean.
Honela azaltzen dute Berdintasunerako Eskolatik: “Indarkeria matxistaren prebentzioaren esparruan, aisia- eta bizikidetza-espazioak garrantzi bereziko lekuak dira. Euskal Etxeak ez daude sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren eraginetik kanpo; izan ere, indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da, eta biktima nagusiak emakumeak edo ahultasunarekin lotutako ezaugarriren bat duten beste persona batzuk dira, sexuagatik, sexu-orientazioagatik, genero-adierazpenagatik, hierarkia sozialean duten posizioagatik, etabar. Jazarpenak gehien ahalbidetzen duen ezaugarria prebenitzeko eta arreta emateko politika egokirik eza da, eta, horregatik, sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuetan jarduteko protokoloek garrantzia hartzen dute indarkeria matxistaren mota horren aurkako borroka aktiboan”.
Hitzaldia Norma Vázquez García, Sortzen Aholkularitzako zuzendari psikologo feministak emango du. Mexikon jaio zen, 1998tik dago Bilbon eta emakumeen aurkako indarkeria izan du funtsezko gai. Horren inguruan, hainbat erakunde ikertu, prestatu eta aholkatu ditu. Bi orduko iraupena izango du eta Euskadiko 14etan hasiko da (10etan Argentinan, Uruguain, Txileko Santiagon eta Sao Paulon, 9etan Caracasen, 8etan Bogotan eta Liman, 7etan Mexikon). Izena emateko, honako esteka honetan klikatu behar da: https://labur.eus/EHYg8. Parte hartzeko ez da beharrezkoa euskal etxe bateko bazkide izatea. (inskripzio-formularioaren 2. puntuan, kide zaren Euskal Etxea eskatzen duen lekuan, nahikoa da bertaratzen zarena jartzea).