euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

A. Jaureguiberry: "Neuroimmunologia zein euskara nire bizitzako parte dira hemen Buenos Airesen"

2014/07/10

Anabel Jaureguiberry.
Anabel Jaureguiberry.

PUBLIZITATEA

Anabel Jaureguiberryk argi omen zeukan Neurologiara dedikatu nahi zuela. Tandilen jaioa, Buenos Aires probintzia argentinarraren bihotzean, Buenos Aires hiriburura aldatu zen duela hogei bat urte ikasketak burutzera eta denbora gutxiren buruan ohartu zen Neuroimmunologia zela gehien erakartzen zuena. Horretan urratsak eman eta iritsi da, dauzkan 37 urteekin, bere arloan prestigiozko profesionala izatera.

Joseba Etxarri/EuskalKultura.com. Argentinan XIX. mendeko lehenengo erdian sartu ziren Baxenabarreko euskaldunen berbiloba den emakume hau gazte profesional, ongi prestatu, aktibo eta arrenguratsuaren adibide argia da. Neuroimmunologia dauka lanbide hiriburu federal argentinarrean eta bereziki esklerosi anizkoitza daukaten gaixoak artatzen ditu, baita eritasun kutsakorren konplikazio neurologikoak dauzkaten pertsonak ere, gehienbat HIV edo HIESaren birusa daukatenak.

-Jakitearren soilik, Argentinan 'médico neurólogo' edo 'médica neuróloga' esaten dizute?

-'Médica neuróloga' ipintzen dut gaztelaniaz, euskaraz 'mediku neurologoa' eta ingelesez 'medical neurologist' edo soilik 'neurologist' esaten duguna adierazteko.

-Zeurea, bokazio kontua izan zen?

-Egiari zor, medikuntza, neurozirujaua bilakatzeko asmotan hasi nuen, baina bigarren urtean ohartu nintzen espezialitate horrek aspertu egiten ninduela, uste dut horretarako anatomia gustatu behar zaizula oso. Hirugarren kurtsoan neurologiaren alde egin nuen eta erresidentziako lehenengo bi urteetan oso argi neukan zertan nahi nuen espezialdu.

-Zure espezialitate hau bere gain hartzen al du medikuntza publikoak?

-Hemen Argentinan hiru modu daude osasunari dagozkion arazoak artatzeko: publikoa, doan eta unibertsala dena eta jende guztia artatzen duena, argentinar zein atzerritar; obra soziala, sindikatu eta langile-elkarteek emana, lanbide edo lan-arlo bakoitzak berea izan dezake; eta Prepaga deitzen duguna, erabat pribatua dela, alegia. Neurologian zerbitzu publiko onak daude. Nik ospitale publiko batean egin nuen nire erresidentzia eta geroztik hiru sistemetan egin dut lan.

-Aditu ez garenontzat, zer da zehazki Neuroimmunologia?

-Immunitate sisteman jatorria daukaten gaixotasun neurologikoak artatzen ditu. Nerbio sistema eragiten denean sortzen da gaitza. Nik esklerosi anizkoia daukaten pertsonak tratatzen ditut bereziki. Gaur egun hobeto ezagutzen dugun eritasuna da. Gaixo gehienak gazteak dira, eta horietatik asko emakumeak. Endekapen eritasuna da, degeneratiboa alegia, eta Bartzelonako zentru bat, CEMCAT (Centro de Esclerosis Múltiple de Catalunya), dauka mundu mailako zentru erreferentea, Xavier Montalban doktorea buru. Bertan duela gutxi izateko eta egun batzuetako ikastaro bat egiteko probilegioa izan dut, Istambuletik, Kongresu batetik bueltan nentorrela. Baina orokorrean nire formakuntza osoa Argentinan egin dut.

-Zure aitatxi edo aitonaren aita, zure birraitona alegia, Jean Jaureguiberry, Baxenabarretik argentinaratu zen XIX. mendeko lehenengo erdian, aurretik Uruguain egonaldi bat eginez, nonbait. Zer gelditu da zuen familian euskal jatorri horretatik? Zuena bezalako abizen edo deitura identifikagarri batek markatuko duela pentsa daiteke.

-Jaureguiberry entzun eta bistan da jende askori berehala datorkiola lotura euskalduna. Gure familian, arbaso euskalduna XIX. mende hasieran geratzen da, baina nik esango nuke beti izan garela deituraren jatorri euskaldunaren jakitun. Ez askoz gehiago. Bai gorde izan dugu 'euskaldun hitza'ren kontzientzia edo euskaldun kaskagorraren estereotipoa. Egiari zor, belaunaldiak eta gero Argentinan, ni izan naiz euskara ikasi eta berriz ere familiara ekarri duena.

-Nola izan zen hori?

-Jakinmina izan zen gehienbat. Inguruko guztiek esaten zidaten abizen euskalduna neukala eta hala al nintzen galdetzen zidaten. Eta momentu jakin batean pentsatu nuen ez zela posible hizkuntza eta kultura hori nigandik erabat urrun egotea eta niretzat erabat ezezaguna izatea. Pentsatu nuen merezi zuela gutxienez ahalegin bat egitea hurbildu eta zertxobait ezagutzeko. Honela, ikasketa eta lan aldetik denbora pixkat hartu nuenean, euskal leku baten bila hasi nintzen Buenos Airesen eta 2008an Euskaltzaleak elkartea topatu nuen, 1944tik hiri honetan euskara irakasten ari den euskaltegi edo gau-eskola. Gustatu zitzaidan, taldea gustuko izan nuen, lagunak egin eta aurrera egin nuen eta 2012an neure burua HABEren lehenengo mailako azterketa ofiziala egiten topatu nuen, hemen Buenos Airesen.

-Zer sentitu zenuen euskaraz hitz egiteko gauza izanik eta, gainera, horren diploma lortu zenuela jakitean?

-Oso satisfazio handia. Ni ez bainaiz Euskal Herrian barnetegian ibilia. Nire formakuntza guztia Euskaltzaleak-en egin dut, hemen Argentinan. Orain mintza praktika egiten segitzen dut, elkartean, hemen hori gabesten baitugu, ez baita erraza inguru euskaldun egoki bat topatzea hizkuntza praktikatzeko. Baina pozik nago eta esan diezazuket hasia naizela Euskaltzaleak-en irakasle gisa laguntzen, euskara zerotik ikasten hasi berriak direnekin.

-Oker ez banago, Euskaltzaleak-ek 70 urte beteko ditu datorren astean, asteartean eta hala ospatuko du; gainera, erakundearen momentu on eta erabat emankor batean.

-Orain urte gutxi erosi genuen egoitza, pixkanaka itzultzen ari garen bazkide eta lagunen maileguekin erosi genuena, ekintzez betea daukagu. Talde engaiatu eta ekimentsua gara. Euskaltzaleak-en euskara ikasten duzu, baina aldi berean partaide zara, partekatu egiten duzu, lagun talde bat bezalakoa da, malgua baina sendoa, etengabe aurrera ari dena, irudimenez, gustura zoaz, baita lana eta ahalegina eskatzen duenean ere. Euskararekin batera bestelako kultur proposamenek ere biribiltzen diute bere eskaintza, tailerrek, trikitixatik abesbatzaraino, tartean dantza-taldea, txalaparta, zine, alboka, panderoa, hitzaldiak... Hori bai, astearteko festa, urtebetetzekoa, lan egin behar ez den horietakoa izango da, Jatetxe batean da eta zerbitzatuko digute, afalduko dugu, musika egongo da, kantuak, seguruenik dantzatuko dugu eta gaztelaniarekin batera euskara ere entzungo da, hemen Buenos Airesen, hala sentitzen dugulako eta maite dugulako.



Komentarioak

  • Jauregiberri izena

    Ni baxenafarroako herri batean sortua naiz! AIHERRA,deitzen den herrian.Nere familiako arbolan (6) garren belaunaldian badut (Jauregiberry) baten izena, ez dakit lotura baduen zure adrrarekin. Bertzalde: gure auzo batean oraino badago zure izenekoa, Jareguiberry bat. Besarkada zintzo bat AIHERRATIK

    Martinon Andre, 2014/07/15 08:47

  • ZORIONAK ANABEL !!

    Ni ere, zure arbasoak bezala, Baxenafarra naiz eta benetan pozez betetzen nau zure euskalduntzeak. Gainera, neurologian aditua zarenez, jakingo duzu gure hizkuntza zaharrak eta euskaldunen garunak daukaten lotura estua. ZORIONAK ANABEL ETA AURRERA EDO AINTZINA ZURE ARBASO BAXENAFARREK ZIOTEN BEZALA. Noël

    Noël ELORGA, 2014/07/12 17:34

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia